ARRAUNA
Orio eta Bermeo, garaile Oriaren jaitsieran
Arraunzaleek zita garrantzitsua izan zuten iragan larunbatean errioan, Oriaren 28. Traineru Jaitsiera jokatu baitzen bertan, arratsaldeko lauak eta erdietatik aurrera.
Aurten 78 ontzik eta milatik gora arraunlarik parte hartu dute estropadetan: zortzi ontzi Herrialde Katalanetatik etorritako llagut-ak izan ziren, bost traineru jubenilenak eta 22 beteranoek osatutakoak. Seniorrei dagokienez, emakumezkoek osatutako 17 traineruk egin zuten arraunean, eta gizonezkoen 26 ontzik.
Bilboko traineru inklusiboa izan zen aurrena irteten, 16:30ean, Saikolatik. 16:44an abiatu ziren llagut-ak, 16:51n jubenilak eta mistoak, 16:56an beteranoak, 17:18an absolutu mailako emakumezkoak, eta 17:35ean, Mapiletik, absolutu mailako gizonezkoak. Saikolatik irtendakoek 4.000 metroko ibilbidea egin zuten eta Mapiletik irten zirenek, berriz, 6.000 metrokoa.
Azkenean, jokoan zeuden bi banderetako bat etxean geratu zen, nesketan Orioko traineru nagusia izan baitzen azkarrena. Mutiletan, aldiz, Bermeok lortu zuen garaipena.
Gizonezkoen absolutuen mailan, 20 minutu, 19 segundo eta 96 ehunenetan 6.000 metroko estropada amaituta eskuratu zuen bandera Bermeoko klubak, segundo bakarreko (01,15) errenta atera ziolarik Hondarribia bigarren sailkatuari. Donostiarra sailkatu zen hirugarren, irabazlearengandik zortzi segundo eta 79 ehunenera.
Emakumezkoetan berriz, Oriok eraman zuen bandera etxera, 14 minutu 59,75 segundo behar izan zituztelarik 4.000 metroak egiteko, bigarren egin zuen Tolosako traineruak baino 17,63 segundo gutxiago. Emakumezkoetan ere Donostiarra hirugarren postuan geratu zen, etxeko taldearengandik 25 segundo eta 52 ehunenera.
Gazte mailari dagokionez, 15 minutu, 51 segundo eta 37 ehunenetan amaitu zuten ondarrutar gazteek. San Juan sailkatu zen atzetik, 9 segundo eta 66 ehunenera, eta San Pedrokoak izan ziren hirugarrenak, ondarrutarrengandik 43 segundo eta 50 ehunenera.
Eusko Label eta Eusko Tren ligek aurkeztu dute aurtengo egutegia
Eusko Label liga ekainaren 28an hasiko da, oraindik zehaztu gabeko leku batean, eta Euskotren liga uztailaren 4an, Coruñan (Galizia)
Maialen Chourraut, ‘Beldurretan Arraunean’
Brasilgo Olinpiar Jokoetatik Tokioko Olinpiar jokoetarako tartean izandako bizipenak hizketagai ditu Chourrautek dokumentalean
Amaiera eman diote Gipuzkoako batel ligari
Batel liga bukatutzat eman da eta une honetan sailkapenean puntu gehien dituena izango da irabazlea. Bestalde, Gipuzkoako batel txapelketa atzeratu egin da data zehatzik jarri gabe