EUSKAL PILOTA
Oriamendi Torneoan atzeratutako partidua jokatu zen asteartean
Etxarri-Zubiri eta Mirubia-Martirena bikoteak aritu ziren nor baino nor gehiago pasa den asteartean Galarretan, arratsaldeko bostetan hasita.
Partidu hau orain hamabi egun zegoen iragarrita, baina hezetasunaren ondorioz bertan behera gelditu zen eta azkenean atzo berreskuratu zuten, hartara egutegia bere onera itzuliz.
Tartean beste jardunaldi bat jokatu zen otsailaren 4an, txapelketako bigarrena, honako emaitzak eman zirelarik: Goikoetxea V.a-Labaka 40 / Segurola-Zaldua 39 eta Urrutia II.a-Aizpuru III.a 40 / Etxarri-Zubiri 19.
Etxarrik eta Zubiri goizuetarrak joan den ostegunean 40-19 galdu zuten beraz Oskar Urrutia II.a eta Aizpuru III.aren kontra Oriamendi Torneoko aurreneko partiduan. Mirubia eta Martirenaren aurreneko partidua zen ordea, astearte honetan jokatutakoa.
Partidu ederra jokatu zuten lau erremontistek eta oreka nagusi izan zen lehia osoan zehar. Emozioz beteriko partidu honetan maila onean aritu ziren laurak ala laurak, azkenean tanto bakarreko aldearekin bada ere, Mirubia eta Martirenak mendean hartu zutelarik bikote aurkaria 40-39.
Oriamendi Torneoak ostegunean jarraituko du beste bi partidurekin. 17:00etan hasiko da jaialdia eta lehenengo partiduan Zaldua II.a eta Larrañagak, Goikoetxea V.a eta Labakaren aurka jokatuko dute. Bigarren partiduan berriz, Mirubia-Martirena eta Urrutia II.a-Aizpuru III.a bikoteak neurtuko dira.
Honela, osteguneko biak jokatzean bikote guztiek bi partidu izango dituzte jokatuak eta sailkapena benetan nola dagoen ongi ikusiko da. Gogoratu behar da Galarretan ateak itxita daudela eta ikuslerik gabe ari dira jokatzen txapelketa eta partidu guztiak. Oriamendi Torneoa ez da salbuespena.
Oriamendi Torneoa
Master txapelketan aritu ez diren koadroko beste pelotari guztiak osatu dituzte bikoteak eta beraz guztira sei bikotek hartuko dute parte lehiaketan: Zubiri-Etxarri, Mirubia-Martirena, Segurola-Zaldua I.a, Goikoetxea V.a-Labaka, Urrutia II.a-Aizpuru III.a eta Zaldua II.a-Larrañaga.
Printzipioz, txapelketako partidu guztiak ostegunero jokatuko dira baina jendea egotea baimentzen bada larunbatera pasako lirateke jardunaldiak. Bi multzotan egongo dira banatuak sei bikoteak. A multzoan daude; Segurola-Zaldua I.a, Goikoetxea V.a-Labaka eta Zaldua II.a-Larrañaga. B multzoa berriz, honak bikoteek osatzen dute: Etxarri-Zubirik, Mirubia-Martirenak eta Urrutia II.a-Aizpuruk.
Multzo bakoitzeko bi lehenengoak pasako dira finalerdietara eta azkena kanpoan geratuko da. Lehenengo fasea otsailaren 11ra arte jokatuko da hiru jardunaldiko (bihar, otsailak 4 eta 11an) sei partidurekin. Jarraian, bi finalerdiak otsailaren 18an izango dira eta final haundia otsailaren 25ean.
Antiguako pilota txapelketako finalerdiak jokoan dira
Finalerdiak astearte eta asteazken honetan jokatuko dira eta kategoria guztietako finalak datorren larunbatean izango dira
Iruñeak irabazi du aurtengo Nafarroako Herriarteko Txapelketa
Pasa den larunbatean, Labriten jokatu zuten Iruñeak eta Doneztebek, iruindarrak nagusitu zirelarik
Laboral Kutxa Udako Torneoko final handia ostegunean lehiatuko da
Mikel Inuntziagaren taldea (Iera Agirre-Amaia Aldai-Arrate Bergara), Reyes Azkoitiarenaren aurka (Olatz Arrizabalaga, Irantzu Etxebeste-Nora Mendizabal)