HERRI KIROLAK/AIZKORA
Oier Kañamares eta Alvaro Garciak 2. eta 3. mailako aizkolari finalak irabazi dituzte
Egur Sportek antolatutako Urrezko Aizkolarien Euskal Herriko 2. eta 3. mailetako Aizkolari Txapelketako finalak jokatu ziren pasa den igandean. Jaialdia goizeko 12:00etatik aurrera lehiatu zen Bastidako pilotalekuan, pandemia dela eta, ateak itxita, ETB1 kateak zuzenean eskaini zuelarik.
Euskal Herriko bigarren mailako aizkora txapelketaren finalean, zazpi aizkolari aritu ziren: lau nafar (Joxean Etxeberria, Oihan Larretxea, Oier Kañamares eta Iban Resano), Luis Mari Txapartegi eta Xabier Zaldua gipuzkoarrak eta Hodei Ezpeleta bizkaitarra. Bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar izan zituzten.
Lanak azkarren amaitu zituena Oier Kañamares Kañamares IV.a izan zen (23´38´´) eta beraz etxera eraman du 2. mailako aurtengo txapela. Bigarren postuan sailkatu da Luis Mari Txapartegi (24´19´´), Oier Kañamares txapeldunaren atzetik, 40 segundora. Finaleko bi aurrenekoek zuten sari gehigarri gisa lehen mailara igotzea, eta beraz, Kañamaresentzat eta Txapartegirentzat izan zen saria. Hirugarren Hodei Ezpeleta izan zen (25´09´´), laugarren Iban Resano (25´13´´), bosgarrena Xabier Zaldua (25´40´´), seigarren Oihan Larretxea (26´02´´) eta zazpigarren postuan Jose Antonio Etxeberria sailkatu zen (26´13´´).
Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketaren finalean berriz, zortzi aizkolarik hartu zuten parte: lau nafar (Julen Olano, Txomin Amundarain, Ibai Soroa eta Goizeder Belza), Gipuzkoako bi aizkolari (Julen Aranberri eta Unai Otaegi), Luis Polanco arabarra eta Segoviako Alvaro Garcia Hoyuelos. Egin beharreko lanak, hiru kanaerdiko eta bi 60 ontzako erdibitzea.
Urrezko Aizkolarien 3. mailako txapelduna Alvaro Garcia izan zen, 14 minutu eta 38 segundoko denbora eginda. Bigarren Julen Olano izan zen, 24 segundora (15´02´´), hirugarren Unai Otaegi (16´44´´), laugarren Goizeder Beltza (17´21´´), bosgarren Luis Polanco (17´25´´), seigarren Ibai Soroa (17´26´´) eta zazpigarren Txomin Amundarain sailkatu zen (19´05´´). Julen Aranberri “Elorriaga II.a” aldiz, erretiratu egin zen.
Iker Vicentek irabazi du Nafarroako aizkora txapelketa
Jon Rekondo bigarren izan zen eta Oier Kañamaresek osatu zuen podiuma. Atzetik, Eneko Saralegi eta Julen Kañamares sailkatu ziren, laugarren eta bosgarren
Binakako Harri-jasotze Txapelketako bina jardunaldi jokatu ziren Bastidan
Urdax Magunazelaia eta Jon Irañetak 7.394 kilo altxatu zituzten eta Jon Unanue eta Hodei Iruretagoienak 7.105 kilo
Txinga-eroate eta Lasto-jasotze txapelketak jokatu zituzten igandean
Txinga eroaten Nerea Egurrola eta Kerman Perez de Heredia nagusitu ziren eta lasto-altxatzean Garbiñe Lopez de Uralde eta Beñat Amade