Zer da Euskal Herria Kirola?
Jatorria
2009ko Gabonetan, “Euskal Herriko Kirolariok” kirolari elkarteak “Kirolhaerria” izeneko jaialdia antolatzea erabaki zuen. Anoetako belodromoan (Donostia) egin zen jaialdi horrek amaiera ematen zien ordu arte egindako hainbat biltzarri, eta bertan aldarrikapena eta kirola uztartu ziren. Jaialdi hartan 7.000 pertsona inguru bildu ginen, eta hainbat modalitateko euskal kirolarien 2.000 atxikimendu baino gehiago lortu genituen. Ekitaldia amaitzeko, manifestu bat irakurri zen. Manifestu horretan, Euskal Herri osoko kirol egitura propioaren inguruan zegoen demanda sozialari erantzungo zion antolaketa-egitura bat sortu beharra eta kirol guztietan nazioarteko ordezkaritza ofiziala lortu beharra azpimarratu zen. Jaialdiari amaiera bikaina emateko, kirolari guztiak eszenatokira igo ziren, Iribar eta Kortabarria kirolariak, ikurrina lagun, buru zirela. Horrela, gogora ekarri zen 1975. urtean, Atotxako derbian, gure ikurrina legalizatu aurretik zabaldu zen irudia. Horrela sortu da Euskal Herria Kirola, euskal kirolarietatik eta jaialdi horretan adierazitako konpromisotik sortutako erakundea.
Helburuak
Kontuan hartuta Euskal Herria, gaur egun, estaturik gabeko nazioa dela, Euskal Herria Kirola, irabazi asmorik gabeko erakundea, “Kirolaren Goi Kontseiluaren” baliokide izango litzake, hau da, edozein estatutan kirol nazionala arautzen eta antolatzen duen instituzioaren baliokide. Euskal Herria Kirola erakundearen jardun-eremua Euskal Herriko 7 lurralde historikoetara zabaltzen da, eta horrela, erakunde honek egungo hutsunea betetzen du. Hauek dira gure helburu nagusiak:
- Kirol guztietako ligak, kopak eta txapelketak antolatzea, Euskal Herriaren eremuan.
- Euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko jarduera irmoa garatzea, eta gure kirolariek eta klubek Europako eta munduko txapelketetan zuzenean parte hartzea ahalbidetze bidean lan egitea, horien parte-hartzea zuzenean nazioarteko federazioekin kudeatuz eta, hori posible ez denean, nazioarteko txapelketa alternatiboak antolatuz.
- Euskal Herriko kirolaren nazioarteko ordezkaritza lortzea.
- Euskal kirola dokumentatzea eta sustatzea.
Bidea ez da hasi besterik egin. Kirola egitez gain, Euskal Herriarekiko sentimenduak batzen gaitu. Indarrak metatu eta geure muga eta geure baliabideekin, Euskal Herriko kirolariok barne-bilduko gaituen etxea eraiki dugu; Euskal Herria Kirola. Zuk ere parte izan nahi baduzu, batu zaitez!
Berriak
Beti Gazte talde lesakarraren garaipen boladak ez du etenik
Gizonezkoen 680 eta 640 kilotako kategorietan zein emakumezkoen 540koan jantzi ditu Euskal Herriko txapelak
Bizkaia Frontoiak hamar urte bete ditu
Martxoaren 19an, duela hamar urte lehen partida jokatu zen egunean, pilota izango da egun osoan zehar
Eskuz Binakako Master 2021 Txapelketa larunbatean hasi zen
Irantzu Etxebeste-O.Ruiz de Larramendi, Iera Agirre-M.Ruiz de Larramendi, Leire Garai-Oihana Orbegozo eta Olatz Arrizabalaga-Naroa Agirre sailkatu ziren finalerdietarako