HERRI KIROLAK
Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitz nagusitu dira emakumezkoen Binakako Euskal Pentlatoian
Argazkiak: Egursport
Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitz debutariak izan ziren azkarrenak Tolosako zezen plazan, larunbatean jokaturiko Binakako Pentatloian. Emakumezkoetan lehiatzen zen bigarren aldia izan da aurtengoa eta garaileek, iazko errekorra aise ondu zuten.
Binakakoaren bigarren edizio honetan aurrenekoz, hiru bikote lehiatu dira. Garazi Arruti-Lucia Orbe eta Karmele Gisasola Zelai III.a-Ansorregi bikoteak aritu ziren iazko finalean, eta, oraingo honetan, Nerea Arrutik eta Amalur Arbelaitzek osatutako bikotea batu zitzaien.
Egin beharrreko lana ez zen lehenengo edizioan egindakotik aldatu: 63 kiloko bola hogei aldiz altxatu, 250 kiloko harriari tiraka bi plaza osatu, 45 ontzako bi enbor moztu, 25 kiloko txingekin sei plaza osatu eta plazari birak emanez bi kilometro korrika egin.
Esan bezala, Arrutik eta Arbelaitzek marka berria ezarri dute, 24.01 eginez. Bost minutuan ondu dute iaz Garazi Arruti eta Lucia Orbek lortutako marka, lehendabiziko aldiz emakumeak pentatloian lehiatu zirenean, Azpeitiako zezen plazan. Bigarren izan dira Lucia Orbe eta Garazi Arruti (26.52) eta hirugarrenak Karmele Gisasola eta Uxue Ansorregi (27.39).
Orbek eta Arrutik pixka bat lehenago bukatu zuten harri-jasotze proba, baina giza proban Arruti eta Arbelaitz aurretik jarri ziren eta bukaera arte mantendu ziren lehen postuan. Aizkoran, minutu bat eta 15 segundoko aldea ireki zuten bigarren bikotearekiko eta bi minutu baino gehiago, hirugarrenarekiko eta txingak jasotzen hasi zirenerako, beste bi bikoteak bigarren enborrarekin ari ziren oraindik.
Azken probara, bi kilometro korrika egitearena, abantaila handiz iritsi ziren, baina bikote txapeldunak ahal zuen guztia eman zuen errekor berria jarri ahal izateko eta helburua aise lortu zuten azkenean.
Oier Kañamares eta Alvaro Garciak 2. eta 3. mailako aizkolari finalak irabazi dituzte
Urrezko Aizkolarien Euskal Herriko 2. eta 3. mailetako Aizkolari Txapelketako finalak jokatu ziren pasa den igandean Bastidan
Binakako Harri-jasotze Txapelketako bina jardunaldi jokatu ziren Bastidan
Urdax Magunazelaia eta Jon Irañetak 7.394 kilo altxatu zituzten eta Jon Unanue eta Hodei Iruretagoienak 7.105 kilo
Txinga-eroate eta Lasto-jasotze txapelketak jokatu zituzten igandean
Txinga eroaten Nerea Egurrola eta Kerman Perez de Heredia nagusitu ziren eta lasto-altxatzean Garbiñe Lopez de Uralde eta Beñat Amade