HERRI KIROLAK/SOKATIRA
Nafarroako sokatira txapelketa Leitzan hasi zen larunbatean
Nafarroako sokatira txapelketa antolatu du aurten ere Nafarroako Herri Kirol Federazioak eta 2021eko lehiaketari pasa den larunbatean hasiera eman zioten Leitzako Amazabalen.
Aurreneko jardunaldi honetan, gizonezkoak aritu ziren zortzinaka eta 620 kiloz azpiko kategorian eta emakumezkoak seinaka, 375 kiloz azpikoan.
Gizonen lehian bost talde aritu ziren nor baino nor gehiago: Amaiur, Antsoain, Berriozar, Beti Gazte eta Txantrea. Beti Gazte gailendu zen tiraldi guztietan eta 5 puntu eskuratu zituen, bigarren Txantrea izan zen (4 puntu), hirugarren Berriozar (3 puntu), laugarren Amaiur (2 puntu) eta bosgarren Antsoain (puntu 1).
Emakumezkoetan berriz, sei taldek neurtu zituzten indarrak: Amaiur, Antsoain, Araxes, Berriozar, Beti Gazte eta Txantrea. Hemen ere Beti Gaztek tiraldi guztiak irabazi zituen orotara 6 puntu eskuratuz, Txantrea izan zen bigarren (5 puntu), Berriozar hirugarren (4 puntu), Amaiur laugarren (3 puntu) eta Araxes eta Antsoainek berdindu egin zuten (1,5 puntu).
Gizonezkoen eta emakumezkoen txapelketako bigarren eta azken jardunaldia urriaren 23an jokatuko dute Barasoainen, larunbatean 17:00etan, bertan banatuko direlarik aurtengo Nafarroako lehen txapelak.
Gizonezkoen zein emakumezkoen lehiaketaren ondoren, txapelketa mistoaren txanda izango da, non sei talde arituko dira lanean, zortzinaka (lau emakume eta lau gizonezko), 550 kiloz azpiko kategorian: Amaiur, Antsoain, Araxes, Berriozar, Beti Gazte eta Txantrea. Lehen jardunaldia Antsoainen jokatuko dute urriaren 30ean eta bigarrena eta azkena azaroaren 6an Elizondon.
Emaitza hauei erreparatuta, Beti Gaztek iazko ibilbideari jarraipena ematen ari diola argi dago, izan ere, lehen jardunaldi honetan lesakarrak agintzen hasi dira, gizonezkoen nahiz emakumezkoen tiraldi guztiak irabazita.
Aurreko urteko lehiaketa berezia izan zen, COVID19 gaitzak eragindako pandemiaren ondorioz, izan ere, Nafarroako sokatira txapelketa osoa Lesakako pilotalekuan lehiatu zen, edukiera mugatuarekin eta bi jardunaldi ezberdinetan: aurrenekoa otsailaren 20an eta bigarrena 27an.
Gizonezkoen eta emakumezkoen txapelak irabazi eta gero, Nafarroako txapelketa mistoan ere beste horrenbeste egitea lortu zuen Beti Gaztek, eta, honela, Nafarroako txapel guztien jabe egin zen.
2021eko Getxoko lurreko Sokatira Mundialaren Txapelketa
Irailaren 15etik 19ra izango da, eta kluben lehiaz aparte, herrialdeen arteko txapelketan parte hartuko du Euskal Herriko selekzioak
Goiherrik irabazi du Euskadiko Sokatirako Txapelketa 560 kilotan
Bost mailetan jokatu da Euskadiko Txapelketa, eta horietariko lau kategorietan lortu du garaipena Goiherrik: 680, 640, 600 eta 560 kilotan
Goiherri A taldeak irabazi du Euskadiko lur gaineko Txapelketa, 600 kilotan
Goiherri A talde erandiotarrak jantzi du txapela, tiraldi erabakigarrian Laukizko Gaztediri 2-0 irabazi ondoren