HERRI KIROLAK/SOKATIRA
Nafarroako launakako sokatira txapelketako bigarren jardunaldia jokatu da
Iragan apirilaren 24an jokatu zuten Nafarroako launakako sokatira txapelketako bigarren jardunaldi erabakigarria, 17:00etan hasita Lesakako udal pilotalekuan.
Pisu astunenetako kategorian lehiatu ziren gizonezkoak (320 kilotan) eta emakumezkoak (255 kilotan), bi jardunaldietako (Berriozar eta Lesaka) puntuak batuz egin zituztelarik finalak.
Beti Gazteko emakumezkoek zein gizonezkoek tiraldi guztiak irabazi zituzten pisu astuneneko lehen jardunaldian eta txapela eskuratzeko pausu garrantzitsua eman zuten.
Bigarren jardunaldi honetan berriz, emakumezkoetan (255 kilo) Beti Gaztek 5 puntu eskuratu zituen, Txantreak 4, Berriozarrek 3, Antsoain “A”-k 2 eta Antsoain “B”-k 1. Beraz, guztira 10 puntu lortu zituen Beti Gaztek eta 8 puntu zituen Txantreak elkarren aurka aritu ziren finalean, azkenean lesakarrek eraman zutelarik txapela etxera. Sailkapen orokorrean, Berriozarrek 6 puntu lortu zituen, Antsoain “A”k 4 eta Antsoain “B”k 2 puntu.
Gizonezkoetan (320 kilo), Lesakako jardunaldian Berriozarrek 5 puntu lortu zituen, Beti Gaztek 4, Txantrea “A”-k 3, Txantrea “B”-k 2 eta Antsoainek 1. Beti Gaztek bi jardunaldien artean 9 puntu lortu bazituen ere, 8 puntu zituen Berriozarren aurka galdu zuen finalean. Txantrea “A” izan zen hirugarrena 6,5 punturekin, Txantrea “B” laugarren 4,5 punturekin eta Antsoain azkena 2 punturekin.
Datorren larunbatean, maiatzaren 1ean, Txantrean txapelketa mistoa (280 kilo) lehiatuko da. Beti Gazte, Txantrea, Berriozar eta Antsoainek bina taldea aterako dituzte eta Araxes ere bertan arituko da lehian. Halaber, 20 urtetik azpikoek eta kadete mailakoek jokatuko dute egun horretan lehenengo jardunaldia, eskualdeko ordezkaririk gabe.
Txapelketako egutegiarekin jarraituta, maiatzaren 8an, oraindik zehaztu gabeko plazan, emakumezkoen eta gizonezkoen pisu arinetako (235 eta 300 kilo) lehen jardunaldia eta 20 urtez azpiko eta kadete mailako txapelketaren bigarren jardunaldia jokatuko dituzte.
Amaitzeko, maiatzaren 15ean jokatuko dute azkeneko jardunaldia Antsoainen. Emakumezkoen 235 kiloko eta gizonezkoen 300 kiloko txapela bertan erabakiko da eta 20 urtez azpikoek eta kadeteek hirugarren jardunaldia, eta ondoren, lehen bi sailkatuen arteko finalak izango dituzte.
Bizkaiko hainbat Herri Kirol Txapelketa jokatu ziren larunbatean Getxon
Getxoko Andra Mari probalekuan, goizean zehar Bizkaiko Giza Proba Txapelketak izan ziren eta arratsaldean berriz, Bizkaiko Zaku Eramate Txapelketak
Binakako Aizkolari eta Harrijasotze Txapelketak finalaurrekoetan dira
Txapelketa bakoitzeko hiru finalaurrekoak otsailean zehar jokatuko dira eta finalak martxoaren 14an Azpeitian
Martxoan jokatuko da Goma gaineko Euskal Herriko Sokatira Txapelketa
Martxoaren lehenengo asteburuan hasi (martxoak 6 eta 7) eta hil bereko azkenekoan (27 eta 28) amaituko da