HERRI KIROLAK/SOKATIRA
Nafarroako launakako sokatira txapelketako bigarren jardunaldia jokatu da
Iragan apirilaren 24an jokatu zuten Nafarroako launakako sokatira txapelketako bigarren jardunaldi erabakigarria, 17:00etan hasita Lesakako udal pilotalekuan.
Pisu astunenetako kategorian lehiatu ziren gizonezkoak (320 kilotan) eta emakumezkoak (255 kilotan), bi jardunaldietako (Berriozar eta Lesaka) puntuak batuz egin zituztelarik finalak.
Beti Gazteko emakumezkoek zein gizonezkoek tiraldi guztiak irabazi zituzten pisu astuneneko lehen jardunaldian eta txapela eskuratzeko pausu garrantzitsua eman zuten.
Bigarren jardunaldi honetan berriz, emakumezkoetan (255 kilo) Beti Gaztek 5 puntu eskuratu zituen, Txantreak 4, Berriozarrek 3, Antsoain “A”-k 2 eta Antsoain “B”-k 1. Beraz, guztira 10 puntu lortu zituen Beti Gaztek eta 8 puntu zituen Txantreak elkarren aurka aritu ziren finalean, azkenean lesakarrek eraman zutelarik txapela etxera. Sailkapen orokorrean, Berriozarrek 6 puntu lortu zituen, Antsoain “A”k 4 eta Antsoain “B”k 2 puntu.
Gizonezkoetan (320 kilo), Lesakako jardunaldian Berriozarrek 5 puntu lortu zituen, Beti Gaztek 4, Txantrea “A”-k 3, Txantrea “B”-k 2 eta Antsoainek 1. Beti Gaztek bi jardunaldien artean 9 puntu lortu bazituen ere, 8 puntu zituen Berriozarren aurka galdu zuen finalean. Txantrea “A” izan zen hirugarrena 6,5 punturekin, Txantrea “B” laugarren 4,5 punturekin eta Antsoain azkena 2 punturekin.
Datorren larunbatean, maiatzaren 1ean, Txantrean txapelketa mistoa (280 kilo) lehiatuko da. Beti Gazte, Txantrea, Berriozar eta Antsoainek bina taldea aterako dituzte eta Araxes ere bertan arituko da lehian. Halaber, 20 urtetik azpikoek eta kadete mailakoek jokatuko dute egun horretan lehenengo jardunaldia, eskualdeko ordezkaririk gabe.
Txapelketako egutegiarekin jarraituta, maiatzaren 8an, oraindik zehaztu gabeko plazan, emakumezkoen eta gizonezkoen pisu arinetako (235 eta 300 kilo) lehen jardunaldia eta 20 urtez azpiko eta kadete mailako txapelketaren bigarren jardunaldia jokatuko dituzte.
Amaitzeko, maiatzaren 15ean jokatuko dute azkeneko jardunaldia Antsoainen. Emakumezkoen 235 kiloko eta gizonezkoen 300 kiloko txapela bertan erabakiko da eta 20 urtez azpikoek eta kadeteek hirugarren jardunaldia, eta ondoren, lehen bi sailkatuen arteko finalak izango dituzte.
Beti Gaztek irabazi ditu Nafarroako sokatira txapelketako lehen txapelak
Gizonezkoen kategorian (450 kilo) zein emakumezkoetan (375 kilo) nagusitu ziren lesakarrak
Herri Kirol txapelketak lehiatu ziren Leitzan
Binakako aizkoran Hodei Ezpeleta eta Goizeder Beltza sailkatu ziren finalera eta harrijasotze txapelketan Inhar Urruzuno
Gipuzkoako Herri Kirol Txapelketak Asteasun
Gipuzkoako Harri Harrien Txapelketan Aimar Irigoien garaile eta Lokotx Biltze Txapelketan Jon Larrañaga izan zen txapelduna