HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA

Herri Kirol txapelketak lehiatu ziren Leitzan

by | 2021/02/22

Argazkiak: egursport.com

Egur Sportek antolatutako Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako bigarren finalerdia jokatu zuten igandean Leitzan, 12:00etatik aurrera, Leitzako Amazabal pilotalekuan.

Joxean Etxeberria- Unai Otaegi, Hodei Ezpeleta-Goizeder Beltzak eta Luis Polanco-Jon Telletxea bikoteak aritu ziren nor baino nor gehiago, finalerako txartela jokoan zutela.

Leitzako igandeko finalerdian aritu ziren hiru bikoteek ondoko lana egin behar izan zuten: erlojuaren kontra 45 ontzakoa erdibitu; abiadura lana, enbor handia erdibitu, txanda librean; eta azken lana, 60 ontzako 6 enbor erdibitu, txanda librean.

Azkenean, lanak amaitzen azkarrenak Hodei Ezpeleta eta Goizeder Beltza izan ziren, guztira 21 minutu eta 12 segundo baliatu zituztelarik enborrak mozteko (erloju kontra 1´07´´+ 58´´, abiadurazko proban 3´42´´ eta azken proban 15´25´´). Oso gertu ibili ziren Joxean Etxeberria eta Unai Otaegi, 21 minutu eta 18 segundoko denbora eginda (erloju kontra 1´12´´+ 1´08´´, abiadurazko proban 3´30´´ eta azken proban 15´28´´). Hirugarrenak berriz, Luis Polanco eta Jon Telletxea izan ziren, 25 minutu eta 48 segundo baliatu zituztelarik lanak amaitzeko (erloju kontra 1´17´´+ 1´58´´, abiadurazko proban 4´ eta azken proban 18´29´´).

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketan 9 bikote lehiatzen ari dira. Lehen finalerdia aurreko larunbatean jokatu zen, Beasainen, eta Ibai Soroa eta Txomin Amundarain sailkatu ziren martxoaren 14an Azpeitiako Izarraitzen jokatuko den final handirako. Bigarren finalistak igandeko Leitzako finalerditik atera ziren, esan bezala: Goizeder Beltza eta Hodei Ezpeleta. Hirugarren bikotea otsailaren 27an Mallabian jokatuko den finalerditik aterako da.

Urrezko Harri Jasotze Txapelketa-Zortzi Arroako Hiru Harri Txapelketan, 10 harri jasotzaile ari dira lanean. Aurreko astean jokatutako lehen finalerdian Beñat Telleriak lortu zuen finalerako txartela (83 jasoaldi guztira), eta igandean atera zen bigarren finalista, Leitzatik.

Inhar Urruzuno eta Iñigo Eizagirre “Eiza” aritu ziren lanean. 100 kiloko koparekin, 100 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko bolarekin, bi minutu eta erdiko saioan. Jon Irañeta lehiatzekoa zen baina azkenean mina hartuta ezin izan zuen parte hartu.

Inhar Urruzunok lortu zuen finalerako txartela, orotara 79 jasoaldi eginda (40 kopari, 18 kubikoari eta 21 bolari). Eizak aldiz, 69 altxaldi burutu zituen (32 kopari, 19 kubikoari eta 18 bolari).

Emakumezkoen Trontza saioan lehia estua eman zen. Ainhoa Iraizoz-Maria Iraizoz bikoteak 2 minutu eta 39 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko eta Nerea-Sorondo-Amaia Garcia bikoak, 2 minutu eta 41 segundu.