HERRI KIROLAK/SOKATIRA
Nafarroako launakako sokatira txapelketako azken jardunaldia lehiatu da Berriozarren
Argazkiak: Egursport
Nafarroako launakako sokatira txapelketako azken jardunaldia jokatu zuten pasa den larunbatean, maiatzaren 21ean, arratsaldeko 17:00etan hasita Berriozarren, bertan aurtengo lehiaketako azken lau txapelak banatu zituztelarik.
Emakumezkoen eta gizonezkoen pisu arinetako (235 eta 300 kilo) bigarren jardunaldia eta 20 urtez azpiko eta kadete mailako hirugarren jardunaldia eta finalak jokatu zituzten, azken biak 280 kiloz azpiko kategorian.
Emakumezkoen pisu arinean, aurreko larunbatean Betelun jokatutako lehen jardunaldian Beti Gazte nagusitu zen tiraldi guztietan eta lesakarrak ziren txapela janzteko faboritoak. Amaiur, Antsoain, Araxes A, Araxes B, Berriozar eta Txantrearekin aritu ziren lehian eta azkenean Berriozar nagusitu zen finalean eta Beti Gazte bigarren sailkatu zen. Txantrea hirugarren izan zen, Araxes A laugarren, Amaiur bosgarren eta Antsoainek eta Araxes Bk seigarren postuan berdindu zuten.
Gizonezkoetan, berriz, berdindu egin zuten lehen jardunaldian Beti Gaztek eta Berriozarrek eta hauek etxean ari zirela kontuan hartuta, ez zegoen faborito argirik. Honakoan baina Beti Gazte izan zen txapeldun eta Berriozar eta Amaiur A igo ziren podiumera. Txantrea B laugarren izan zen, Txantrea A bosgarren eta Amaiur B seigarren.
Gazte mailetako lehiei dagokionez, 20 urtez azpikoetan Berriozar suertatu zen txapeldun, Antsoain A, Antsoain B eta Txantrearen aurretik.
Kadete mailan, Antsoain A taldea nagusitu zen eta Amaiur izan zen txapeldunorde. Jarraian sailkatu ziren Andra Mari A, Berriozar, Andra Mari 1 eta Antsoain B eta Andra Mari 2.
Gauzak honela, Beti Gaztek irabazi ditu maila nagusian jokatu diren bost txapeletatik lau (gizonezkoak 300 eta 320 kilotan, emakumezkoak 255 kilotan eta mistoa 280 kilotan) eta Berriozarrek emakumezkoen 235 kilokoa.
Iker Vicentek irabazi du 2021eko Nafarroako aizkora txapelketa
Joxan Etxeberria bigarrena izan zen eta Eneko Saralegik osatu zuen podiuma
Urrezko Aizkolarien Kopako finalerdiak jokatu dira
Jokin Urretabizkaia Basozabal, Hodei Ezpeleta eta Xabier Zaldua sailkatu dira Urrezko Aizkolarien Kopako finalera
Zehaztu dira Urrezko Aizkolarien Kopako finalerdiak
Julen Gabirondo, Patxi Mindegia, Jokin Urretabizkaia, Hodei Ezpeleta, Suharri Rodríguez eta Xabier Zaldua sailkatu dira