HERRI KIROLAK/SOKATIRA
Nafarroako launakako sokatira txapelketa abian da
Joan zen larunbatean hasiera eman zioten Nafarroako lauko sokatira txapelketari, Berriozarren aurreneko jardunaldia lehiatuta
Lehen saio honetan, emakumezkoak 255 kiloetako pisuan, eta gizonezkoak 320koan, aritu ziren nor baino nor gehiago, aurreko txapelketetan izandako garaipen boladari jarraituta Beti Gazteko lesakarrak bietan nagusitu zirelarik.
Beti Gazteko emakumezkoek zein gizonezkoek tiraldi guztiak irabazi zituzten pisu astuneneko lehen jardunaldi honetan, eta txapela eskuratzeko pausu garrantzitsua eman zuten.
Larunbateko jardunaldian, emakumezkoetan, Beti Gazte (12 puntu) izan zen garailea, bigarren Txantrea izan zen (9 puntu), hirugarren Berriozar (6), laugarren Antsoain A (3 puntu) eta bosgarren Antsoain B (0 puntu).
Gizonezkoetan berriz, Beti Gazteren atzetik (12 puntu), Txantrea A (9 puntu), Berriozar (6 puntu), Txantrea B (3 puntu) eta Antsoain (0 puntu) sailkatu ziren.
Kategoria hauetako bigarren eta azkeneko jardunaldia apirilaren 24an, larunbatean 17:00etan hasita jokatuko dute Lesakako udal pilotalekuan.
Aurrerago, maiatzaren 1ean, Txantrean txapelketa mistoa jokatuko da (280 kilotan). Bina talde aterako dituzte Beti Gaztek, Txantreak, Berriozarrek eta Antsoainek eta beraiekin batera Araxes ere lehiatuko da. Gainera, egun horretan 20 urtez beheitiko eta kadete mailako txapelketako lehen jardunaldia ere jokatuko da.
Txapelketako egutegiarekin jarraituta, maiatzaren 8an, oraindik zehaztu gabeko plazan, emakumezkoen eta gizonezkoen pisu arinetako (235 eta 300 kilo) lehen jardunaldia eta 20 urtez azpiko zein kadete mailako txapelketaren bigarren jardunaldia jokatuko dituzte.
Azkenik, maiatzaren 15ean jokatuko dute azkeneko jardunaldia Antsoainen, bertan emakumezkoen 235 kiloko eta gizonezkoen 300 kiloko txapela erabakiko delarik. Halaber, 20 urtez azpikoek zein kadeteek hirugarren jardunaldia lehiatuko dute, eta jarraian, lehen bi sailkatuen arteko finalak izango dituzte.
Euskal Herriko taldeak eta selekzioa Goma Gaineko Munduko Sokatira Txapelketan
Emaitza ikusgarriak lortu ditu Euskal Herriak Ipar Irlandan jokatutako munduko txapelketan
Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitz nagusitu dira emakumezkoen Binakako Euskal Pentlatoian
Lanak 24.01ko denboran amaituta, bost minutuan ondu dute iaz Garazi Arruti eta Lucia Orbek lortutako marka
Euskal Herriko XIII. Bakarkako Sega Ligako azken jardunaldia lehiatu da Oiartzunen
Nagusien mailan, Alaitz Imaz hernialdetarra eta Mikel Lizartza tolosarra izan dira txapeldunak