HERRI KIROLAK/AIZKORA/INGUDEA
Nafarroako ingude eta aizkora txapelketak larunbatean Beran
Nafarroako ingude altxatze txapelketak eta III. mailako aizkora txapelketako finala larunbatean jokatuko dira Berako pilotalekuan, arratsaldeko 17:00tan hasita.
Nafarroako Kirol Federazioak antolatuta, kirol hitzordu hirukoitza izango da beraz, larunbat honetan Beran. Alde batetik, Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatuko dute eta bestetik, gizonezkoen eta emakumezkoen ingude altxatze txapelketak egingo dituzte.
Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako finalean hiru aizkolari arituko dira nor baino nor gehiago: Ibai Soroa (Arribe) eta Oier Larretxea eta Endika Goia beratarrak.
Egin beharreko lana honakoa: 45 ontzako bi enbor eta beste bi kanaerdiko moztu beharko dituzte eta azkarrenak izaten diren lehen bi aizkolariak mailaz igoko dira.
Nafarroako Ingude Txapelketak ere lehiatuko dira larunbatean, gizonezkoen zein emakumezkoen kategorian. Gizonezkoak 18 kiloko ingudearekin arituko dira eta emakumezkoak 9 kilokoarekin.
Nafarroako Emakumezkoen Ingude Altxatze Txapelketan bost lagunek eman dute izena: Maika Ariztegi (Ituren), Virginia Finol (Iruñea), Irune Biurrun (Antsoain), Nerea Resa (Antsoain) eta Jenny Serrano (Iruñea). Bederatzi kiloko ingudearekin minutu eta erdiz ahalik eta altxaldi gehien eman beharko dituzte.
Gizonezkoetan, berriz, beste bost parte-hartzaile izango dira: Josetxo Urrutia (Leitza), Alex Fernandez (Iruñea), Imanol Martin (Berriozar), Angel Albarran (Guadalajara) eta Iosu Marturet (Antsoain). Kasu honetan, 18 kiloko ingudearekin minutu eta erdiko tartea izango dute ahalik eta altxaldi gehien egiteko.
Txapelketa hauetaz aparte, Eztegara pilotalekuan 17:00etan hasiko den herri kirol jaialdian, Nerea Sorondo (Bera) eta Itxaso Onsaloren (Areso) aizkora erakustaldia ere egongo da, hartara egun polita borobiltzeko aukera izango dutelarik herri kirol grinaz berataratzen diren zale guztiek.
Herri kirol jaialdia Mallabian
Finalerako sailkatu dira Suharri Rodriguez-Jokin Urretabizkaia aizkoran eta Mikel Lopetegi Urra harrijasotzen
Beti Gaztek irabazi ditu Nafarroako sokatira txapelketako lehen txapelak
Gizonezkoen kategorian (450 kilo) zein emakumezkoetan (375 kilo) nagusitu ziren lesakarrak
Herri Kirol txapelketak lehiatu ziren Leitzan
Binakako aizkoran Hodei Ezpeleta eta Goizeder Beltza sailkatu ziren finalera eta harrijasotze txapelketan Inhar Urruzuno