EUSKAL PILOTA
Nafarroako Herriarteko Txapelketako finalerdiak, hurrengo asteburuan
Nafarroako Herriarteko pilota txapelketak 51. edizioa duen honetan, orotara zazpi herri arituko dira txapela eskuratzeko lehian: Doneztebe, Baztan, Leitza, Lizarra, Ultzama, Larraun eta Iruñea.
Covid19 gaitzaren ondorioz, aurten ez da ligaxkarik izango, kanporaketak baizik, eta lau kategoriatan jokatuko dituzte partidak: alebin, infantil, junior eta seniorrak.
Txapelketa sistemari dagokionez, iazko txapeldun izateagatik Doneztebe zuzenean finalerdietarako sailkatua dago eta gainontzeko sei herriek asteburu honetan jokatu dituzte final laurdenetako kanporaketak, zozketaz egokitutako herrian.
Hiru kanporaketa izan ziren guztira: Baztan-Leitza, Lizarra-Ultzama eta Larraun-Iruñea.
Larunbat arratsaldean Iruritako Aranbia pilotalekuan jokatutako lehen bi partidetan leitzarrak nagusitu ziren. Alebinetan 9-18 irabazi zieten Baleztena eta Telletxeak, Elizaintzin eta Iribarreni eta infantiletan, 14-18, Mateorenak eta Sagastibeltzak, Iturralde eta Bikondori. Jubenil mailan ordea, garaipena baztandarrek eskuratu zuten, izan ere, Etxeberek eta Ballarenak 22-5 irabazi zieten Goikoetxea eta Zubiriri. Senior mailan ere nagusitu ziren Baztango pilotariak, Ariztegik eta Oskozek 22-14 irabazi zietelarik Txoperena eta Zabaletari. Azkenean, beraz, bina garaipen herri bakoitzak, baina 12 tanto gehiago egin zituzten baztandarrek eta horren ondorioz txapelketan aurrera egin dute.
Lehiarik estuena Lizarra eta Ultzamaren artekoa izan zen. Hemen ere bina garaipen lortu zuten bi herriek, baina Lizarrakoek bi tanto gehiago egin zituzten. Infantil zein alebinetan Lizarrak eskuratu zuen garaipena markagailu berdinarekin (18-7), baina juvenil zein senior kategorietan Ultzamaren alde erori ziren garaipenak (22-15 eta 22-9). Azkenean, kanporaketaren emaitza 60-58 izan zen Lizarraren alde, hartara finalerdietarako txartela lortu zutelarik.
Lekunberrin jokatutako lehian aldiz, Iruñeak lau partidak irabazi zizkion Larrauni. Kanporaketa desorekatuena izan zen honakoa (4-0), alebinetan 18-6, infantiletan 18-1, jubeniletan 22-14 eta seniorretan 22-8 irabazi zutelarik iruindarrek.
Emaitza guzti hauen ondorioz, Herriarteko finalerdiak jokatuko dituzten herriak zehaztu dira: joan den urtean txapeldun izateagatik, zuzenean finalerdietarako sailkatua zegoen Doneztebe, Lizarra, Baztan eta Iruñea.
Labrit pilotalekuan jokatuko dituzte datorren asteburuan finalerdietako partidak, larunbatean, Doneztebe eta Lizarra izango dira aurrez aurre eta igandean, Baztan eta Iruñea. Final handia abuztuaren 22an jokatuko dute Labriten.
Zabalik da 2021eko Lau eta Erdirako izen ematea
Emakume Master Cup bere erroetara itzuliko da
Arrizabalaga-Agirre eta Belmonte-Galeano II.ak jantzi dituzte txapelak Adarragan
Eliteetan, Olatz Arrizabalagak eta Naroa Agirrek azkenean lortu dute elkarrekin lehen mailako txapelak eskuratzea
Xare Irekien finalerdiak erabakita geratu dira
Irailaren 24an III. San Migel Xare Irekiko finalerdiak izango dira, eta 26an berriz I. Gazteak Xare Irekikoak