EUSKAL PILOTA
Nafarroako Foru Komunitateko Torneoko eskuzko finalak, igandean
Argazkiak: emakumemastercup.eus
Gizonezkoen Buruz Buruko finalarekin katedra zorrotzena liluratu eta astebetera, Navarra Arenako pilotalekuak ikusmin handiko beste ekitaldi baterako ateak irekiko ditu igandean, Nafarroako Foru Komunitateko Torneoaren bigarren edizioko esku-huskako finaletarako.
Dagoeneko inolako murrizketarik gabe, igandekoak txapelketa arrakastatsu baten ginga izan behar du, izan ere, azken asteetan Nafarroan zehar jokatutako jaialdiek txapelketa erreferente bat sortzeko eta emakumezkoen kirola, kasu honetan esku pilota, ikusarazteko helburu nagusiak bete dituzte.
Bere izaerari muzin egin gabe, txapelketa erabat irekia eta izen-emate librekoa baita, federatu gabeko pilotarientzat, bigarren edizio honetan, Nafarroako Foru Komunitatea txapelketa Master Cup zirkuituko hitzordu garrantzitsuenetako bat bezala egonkortu da. Eta hainbat astez baldintza guztietako pilotarien partidak jokatu ondoren, igandean onenen txanda izango da.
Juan Martinez de Irujo luxuzko enbaxadore dela, asteazken arratsaldean aurkeztu zuten, partiden eszenatokian bertan, igandeko jaialdia, Navarra Television-eko kamerek emango dutena. Hala ere, jaiaz gozatzeko modurik onena frontoira joatea izango da. Iberoko pilotari mitikoaz gain, aurkezpenean izan ziren Begoña Echeverria (Nafarroako Kirol Institutuko zerbitzu zuzendaria), Maite Bueno (Laboral Kutxako eskualdeko zuzendaria), Javier Conde (Nafarroako Pilota Federazioko presidentea) eta Ainhoa Ugarte, txapelketako eta finaleko lehen epaile nafarra.
Guztiek pilotalekura hurbiltzeko deia egin zieten Iruñeko eta inguruko pilotazaleei, ez bakarrik pilotariak animatzeko, baizik eta ziur daudelako ikuskizun bikaina izango dela.
Eta, nola ez, sei finalistak, igandeko benetako protagonistak ere bertan egon ziren. Leitzako Goiuri Zabaletak Leire Galeano antzuolarraren aurka neurtuko ditu indarrak pilota mistoko lau t ‘erdiko finalean eta eliteko partidan Amaia Aldai (Dima) -Nora Mendizabal (Andoain) eta Miren Larrarte (Bidania) -Itsaso Erasun (Zizurkil) arituko dira nor baino nor gehiago.
Eta protokolozko ekitaldiaren ondoren, sei pilotariek aukera baliatu zuten Navarra Arenan entrenatzeko. Eurentzat ezezaguna den kantxak erreferente berria izan nahi du, baita emakumezkoen pilotaren barruan ere.
Arrizabalaga-Agirre eta Belmonte-Galeano II.ak jantzi dituzte txapelak Adarragan
Eliteetan, Olatz Arrizabalagak eta Naroa Agirrek azkenean lortu dute elkarrekin lehen mailako txapelak eskuratzea
Xare Irekien finalerdiak erabakita geratu dira
Irailaren 24an III. San Migel Xare Irekiko finalerdiak izango dira, eta 26an berriz I. Gazteak Xare Irekikoak
Barrenetxeak bigarren txapela irabazi du pilotakada biziei esker
24 eta 30 irabazi zion Urrizari Buruz Burukoaren final handian