EUSKAL PILOTA

Barrenetxeak bigarren txapela irabazi du pilotakada biziei esker

2021/09/12

Argazkiak: oriamendi2010

Endika Barrenetxeak 24 eta 30 irabazi zion Javier Urrizari Buruz Burukoaren final handian eta hartara bigarren aldiz irabazi zuen erremonteko txapelketa garrantzitsuena. Hernaniko atzelariak faboritoa eta zazpi aldiz txapelduna izan den Urriza gainditu zuen, batez ere piloteoan nagusituta.  Iruñeko aurrelaria ez du inoiz kantxa gainean eroso egoten utzi. Nahiz eta 5-0 galtzen hasi, Barrenetxeak bere bertsiorik onena erakutsi zuen.

Finala polita eta bizia izan zen, ez zen oso piloteatua izan, baina sakearekin ere ez zen ia takadarik izan, eta meritu handiko tantoak ikusi ziren jokaldi politekin, batez ere Barrenetxearen aldetik. Partida Urrizaren aldeko joerarekin hasi zen. Barrenetxearen sake falta bat, beste huts bat piloteo luze batean eta Urrizak sakez eginiko hiru tantok 5-0ekoa jarri zuten markagailuan. Zaleak finalik ez izatearen beldur ziren, baina hernaniarra hori horrela ez izateaz arduratu zen. Iruñeko aurrelariaren bolada moztu zuen eta 5-1ekoan partidako tantorik polemikoena iritsi zen. Barrenetxeak sake motza egin zuen eta ikusle gehienek eta Urrizak berak falta izan zela uste zuten. Baina aurreko epaileak sakea ontzat eman zuen Urrizaren eta ikusleen harriduraren aurrean 5-2koa markagailura igo zen.

Zaila da erabaki horrek Urrizari zer eragin zion zehaztea, baina Barrenetxea izerditan hasi zen eta urduritasuna kendu zion horrek. Sakez egindako beste tanto batek eta dejada eder batek 5-4koa jarri zuten markagailuan eta beste partida bat hasi zen. Urrizak 8-7ra arte eutsi zion aurrealdeari, nahiz eta finalak urdinez janzten zen erremontistaren aldeko norabidea hartu. 2019ko txapelduna batez ere piloteoan nagusitzen hasi zen eta pilota saskitik freskotasun deigarriarekin irteten zitzaion. Urrizak bere burua defendatzen saiatzen zen, baina Barrenetxeak 8-9koan partidaren agintea hartu zuen eta ez zuen inoiz utzi, zortzina eta bederatzinako berdinketetan izan ezik.

Finalak tenperatura hartzen zuen eta tarterik orekatuenean 13-15 utzi zituen bi pilotariak lehen atsedenaldia hartzeko aulkietan eseri zirenean. 100 pilotakada eman zituzten ordurarte eta dena erabakitzeko zegoen. Aritz Zubiriren aholkuek eta Barrenetxearen lan onak eragina izan zuten atsedenalditik bueltan, eta Urrizak 2-9ko partzial bat jasan ondoren 15-24 jarri zen galtzen. Barrenetxea bikain ari zen, ezker pareta jotzen eta piloteoan Urriza baino gehiago zen.

Kirolean, partidak bukatzea eta ixtea izaten da zailena, eta finalean txapeldunari geratzen zitzaion ikasgaia zen. Nota ona atera zuen, baina urduritasuna nabaritu zen Urriza hurbiltzen hasi zenean. 22-26koa izan zen pilotakada gehien izan zituen tantoa, eta hurrengoan iruindarra hurbildu zen eta desabantaila hiru tantora murriztu zuen, 23-26.

Orduan iritsi zen partidako tantoa. Urrizak ondo atera zuen, Barrenetxeak erresto on batekin erantzun zion baina azkenean Barrenetxeak bi pareta handi batekin 23-27 jarri zuen markagailuan. Hurrengo tantoan ikusi zen finala ez zitzaiola hernaniarrari ihes egingo. Pilota horman hiltzen utzi zuen dejada eder batekin eta 23-28ko tanto erabakigarria igoarazi zuen markagailura. Urrizak beste tanto bat egin zuen 24-28koan, baina azken bi tantoak Barrenetxeak egin zituen eta modu horretan txapela janztea erdietsi zuen.

Partidak 76 minutu iraun zuen eta 227 pilotakada eman ziren. Barrenetxeak 22 tanto egin zituen piloteoan, lau hutsegite eginez. Sakearekin lau tanto egin zituen eta falta bat. Sakez tanto asko egin ez arren, pilota arrimatu zuen eta ia beti zailtasunetan jarri zuen Urriza. Urrizak 16 tanto egin zituen piloteoan eta bi hutsegite. Sakearekin Barrenetxearen tanto berdinak egin zituen, lau, baina falta bat gehiago egin zuen, bi.

Markagailua: 5-0, 5-4, 6-4, 6-5, 7-5, 7-7, 8-7, 8-9, 9-9, 9-11, 10-11, 10-13, 12-13, 12-14, 13-14, 13-17, 14-17, 14-21, 15-21, 15-24, 19-24, 19-26, 23-26, 23-28, 24-28 eta 24-30.

Pilotakadak: 227

Iraupena: 76 minutu

Share This