EUSKAL PILOTA
Nafarroa Arenak emakumezkoen esku pilotari ateak irekiko dizkio lehen aldiz
Argazkiak: emakumemastercup.eus
Nafarroa Arenak emakumezkoen lehen pilota jaialdia hartuko du larunbatean
Euskal Herriko pilotalekurik handiena den Nafarroa Arenak berriz ere ateak zabalduko ditu uztailaren 3an, emakumezkoen esku pilotako lehen jaialdia hartuko duen egun historikoan, izan ere, Nafarroako Foru Komunitateko Txapelketaren eskuzko pilota mistoko finalak jokatuko dira bertan, gazteen eta eliteen mailan. Txapelketak, oraingoz, helburu nagusia lortu du, hau da, nesken pilotari ikusgarritasuna eman eta herri edo auzo bakoitzeko pilotari horiei guztiei erreferentziazko txapelketa eskaintzea, baina puntu honetara iritsita, parte hartze eta ikuslegoaren arrakasta handia izan duen txapelketa bati ginga jartzea geratzen da.
Erabat irekia eta bazteketarik gabe jokatu den txapelketak arrakasta handia izan du eta zenbaitetan frontoietako ateak itxi behar izan dira osasun protokoloak betetzeko. Printzipioz, ez da arazo hori izango larunbat honetan, beraz, lehiaketa babesten duten erakunde guztiek pilotazaleak pilotalekura joatera animatu dituzte, hori bai, ikuskizun handi honi merezi duen amaiera emateko beharrezkoak diren osasun-arau guztiak zorrotz Beteta (sarrera debaldekoa izango da osasun sailak ezarritako edukiera bete arte). Gainera, Nafarroa Arenara joaterik ez duten pilotazale guztiek ETB-1eko kameretatik jarraitu ahal izango dituzte partidak.
Eta esan beharra dago, asteetako txapelketaren ostean geratu diren finalek merezi dutela, eta asko. Adibidez, eliteen kategorian, ikusmin handia dago horrelako partida batean Laia Salsamendi gaztea nola moldatzen den ikusteko, 14 urterekin txapelketa bikaina egin baitu Etxaurikoak. Uharteko Pelotazale taldean hazitako aurrelariak, bere adinari ez dagokion kalitatea eta tenplea erakutsi ditu, eta Olatz Ruiz de Larramendi izango du alboan, zirkuituko eskuin indartsuenaren jabea.
Nafarrek Amaia Aldai bizkaitarra eta Naroa Agirre gipuzkoarra izango dituzte aurrean, horrelako partidetan eskarmentu handiagoa duten pilotariak, ofiziozko bikotea osatzen dutenak eta berme asko ematen dituztenak, gutxi oparitzen dutenak eta irabazi beharrekoak.
Gazteen finalarekin hasiko da jaialdia, eta etorkizuneko izarrek oinarri gisa egiten ari diren lan handia erakusteko erakusleiho ederra izango da.
50. Urteurrena txapelketako bigarren jardunaldia jokatu da
Juanenea eta Endikak Ansa II eta Larrañagari 35-30 irabazi zieten eta Urriza-Zubiri bikotea Goikoetxea eta Barrenetxearen aurka 30-29 nagusitu zen
Emakume Master CUP Txapelketako finalak jokatu ziren Irunen
Pilota goxoan Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi eta mistoan Leire Garai-Olatz Ruiz de Larramendi bikoteek jantzi zituzten txapelak
e-Remonte Beti Euskal Jai enpresa berria aurkeztu dute Iruñean
Bidenabar, 2020ko Iruñeko Alde Zaharreko VI. Erremonte Txapelketaren berri eman dute