SURFA
Nadia Erostarbe, txapeldunordea Portugalgo MEO Cup of Surfing txapelketan
Basque Teameko Nadia Erostarbek Johanne Defay frantsesarekin neurtu ditu indarrak finalean, baina ez du gailentzerik izan zarauztarrak: 13,34 puntu lortu ditu zazpi olatu hartuta, eta Defayk, sei olaturekin, 14,27 puntu eskuratu ditu. Hortaz, bigarren egin du Erostarbek emakumezkoen kategorian.
Mundu mailako eliteko rider-ak bertan zirela, World Surf of League-ak ekitaldiak sustatu ditu Frantzian eta Portugalen 2020ko irailaren amaieran eta urriaren hasieran. Lehenengoa French Rendez-Vous of Surfing izan zen, Angelun, non Andy Criere Basque Teameko surflaria txapeldunorde izan zen, eta bigarrena Ericeiran jokatutako MEO Cup of Surfing, non Nadia Erostarbek bigarren postua eskuratu duen.
Munduko zirkuiturako puntuak banatzen ez dituzten lehiaketak izan arren eta sariak ongintzara bideratu arren, mundu mailako eliteko 24 surflari, 12 gizon eta 12 emakume bildu dira ekitaldietan, Kanoa Igarashi, Jeremy Flores, Michel Bourez, Frederico Morais eta Johanne Defay bezalako izen ospetsuekin. Ekitaldi horiek, gainera, kirolariei lehiaketa-erritmoa emateko balio izan dute; izan ere, Munduko Surf Txapelketa eta QS zirkuitua bertan behera geratu dira aurten, COVID-19 pandemiaren ondorioz.
Portugalen Nadia Erostarbek ez zuen lehen kanporaketa gainditu, bigarren geratu baitzen, Teresa Bonvalot portugaldarraren atzetik. Bigarren aukerako kanporaketan, ordea, Mafalda Lopes etxeko surflaria baino hobea izan zen, eta horrek final-laurdenetan aurrera egitea ahalbidetu zion. Hor Bonvaloten aurka jokatu du berriz ere, Galiziako Pantin Classicen kanporatu zuena, baina oraingoan zarauztarrak portugaldarra azpiratu du. Finalerdietan Yolanda Hopkins portugaldarrari gailendu zaio, WCTko zerrendan zortzigarren postuan dagoen Johanne Defay frantziarraren kontra finalean aritzeko txartela lortuz. Finala oso parekatua izan da. Nadia aurretik jarri da, baina ondoren frantziarrak bere unea itxaroten jakin du, 7.50eko olatu bat eta 6.77ko beste bat (14.27) bildu ditu eta garaipena erdietsi du. Nadiari bere olatu onenengatik 7.27 eta 6.07 (13.34) eman dizkiote.
Surflarien familiatik dator Nadia. Senitarteko guztiek surfeatzen dute: aitak, amak, ahizpak, osabak… Hiru urterekin jarri zen bera taula baten gainean eta ordutik ez da geratu. Egun, une gozo samarra bizi du zarauztarrak. Angelun jokatu zen French Rendez-Vous of Surfing txapelketan bederatzigarren izan zen eta hirugarren postuan amaitu zuen abuztuaren bigarren hamabostaldian jokatutako Abanca Pantin Classic Galicia Pro txapelketa.
Portugalgo MEO Cup of Surfing honetan, Nadiaz gain, Basque Teameko beste bi surflari izan dira. Ariane Ochoak ezin izan zuen bigarren aukerako kanporaketa gainditu eta Aritz Aranburuk agur esan dio txapelketari final-laurdenetan, haren aurkari izandako Frederic Moraisek lortu duelarik finalerdietarako txartela.
SURFA
Euskal Herriko Kayaksurf Selekzioa munduko gailurrean
Kayaksurf euskal selekzioak, irabazi zuen mundo mailako bere seigarren titulua, bosgarrena jarraian lortua, uztailean, Perun
[BIDEOA] Jon Redondo: “Ofizialtasunerako ez dago arazo juridikorik, borondate kontua da”
[BIDEOA] Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendariari elkarrizketa, ofizialtasuna lortzeko ekimenaz
Nazioarteko Federazioko kide izatea eskatu du Euskal Herriko Surf Federazioak
Nazioarteko Surf Elkarteko (ISA) kide izateko eskaria egin du EHSFk nazioartean ofizialtasuna berreskuratzeko asmoz