HERRI KIROLAK/HARRIA
Mikel Lopetegi “Urra”, laugarrenez txapeldun harri txikiekin
Argazkiak: egursport.com
Mikel Lopetegi “Urra”k irabazi du Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketa. Guztira 12.165,55 kilo jaso ditu. Xabat Olaizolak egin du bigarren, 10.350 kilo altxatuta
Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa Asteasun lehiatu ondoren, harri txikiena jokatu zen pasa den larunbatean Gernikako Merkatu plazan, non lau harrijasotzaile aritu ziren lanean, laurak zarauztarrak: Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Iraitz Arruti Burni, Xabat Olaizola eta Mikel Lopetegi Urra. Hala ere, aurtengo txapelketan besteetan parte hartu izan dutenen falta nabaritu da, esaterako Beñat Telleria, Inhar Urruzuno, Aimar Irigoien eta abar.
Harri handietako molde berdina baliatu zuten Gernikako ekitaldiko partehartzaileek, hiru minutuko txandetan arituta, baina pisua txikiagoa zen honakoan: 125 kiloko harri laukizuzenak eta zilindrikoak, 112,5 kiloko (bederatzi arroa) kubikoak, eta 100 kiloko bolak.
Urra zen egungo txapelduna, eta faborito nagusia ere, eta ez zuen hutsik egin, erosotasunez nagusitu baitzen, 12.165 kilo altxatuta bere laugarren txapela jantzi zuelarik. Estuagoa izan zen aldiz, azpitxapeldun nor geratuko zen erabakitzeko lehia, baina azkenean oso kilo gutxigatik, Xabat Olaizolarentzat (10.350 kilo) izan zen bigarren postua, Hodei Iruretagoiena ‘Izeta IV.aren kaltetan (10.275 kilo).
Hona hemen harri jasotzaile bakoitzak egindako lanak:
- Mikel Lopetegi Urra
- 125 kiloko laukizuzena: 30 jasoaldi.
- 125 kiloko zilindrikoa: 30 jasoaldi.
- 112,5 kiloko kubikoa: 21 jasoaldi.
- 100 kiloko bola: 23 jasoaldi.
- Xabat Olaizola
- 125 kiloko laukizuzena: 24 jasoaldi.
- 125 kiloko zilindrikoa: 25 jasoaldi.
- 112,5 kiloko kubikoa: 18 jasoaldi.
- 100 kiloko bola: 22 jasoaldi.
- Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a
- 125 kiloko laukizuzena: 26 jasoaldi.
- 125 kiloko zilindrikoa: 24 jasoaldi.
- 112,5 kiloko kubikoa: 18 jasoaldi.
- 100 kiloko bola: 20 jasoaldi.
- Iraitz Arruti
- 125 kiloko laukizuzena: 20jasoaldi.
- 125 kiloko zilindrikoa: 21 jasoaldi.
- 112,5 kiloko kubikoa: 14 jasoaldi.
- 100 kiloko bola: 16 jasoaldi.
Esan bezala beraz, 104 jasoalditan 12.162,5 kilo altxatuta, Urra izan da txapelduna, Olaizola gelditu da bigarren (89 jasoaldi-10.350 kilo), Izeta IV.ak bukatu du hirugarren (88 jasoaldi-10.275 kilo), eta Arruti izan da laugarren (71 jasoaldi-8.300 kilo).
Peñagarikano eta Aizperroren arteko desafioa Azpeitian
Desafioa mistoa izango da eta hiru herri kiroletan arituko dira nor baino nor gehiago. Harri jasotzen, aizkoran eta lasterka jokatuko dute apustua.
Urrezko Aizkolarien eta Harrijasotzaileen jardunaldia Lezan
Aizkoran Otaño irabazle, harrian Goikoetxeak 37 jasoaldi egin zituen eta Urruzuno aldiz lesionatu zen, eta Virginia Finolek 52 altxaldi eginda marka onena ezarri zuen
Egur Sport txapelketen hirugarren jardunaldia, larunbatean Lezan
Aizkoran Eneko Otaño eta Jesus Mari Mugika neurtuko dira, gizonezkoen harrijasotze lehian Imanol Albizu “Goikoetxe” eta Inhar Urruzuno, eta emakumezkoenean Virginia Finol