MENDIA
Mendi Tourra Gasteizen
Mendi Film nazioarteko jaialdiko pelikula onenen zirkuitu ibiltaria Gasteizko Vital Fundazio Kulturuneara itzuliko da otsailaren 15, 17, 18 eta 19an. Mendi Tourrak ibilbide oparoa du Arabako hiriburuan, aurten 9. edizioa ospatuko du, eta saioetara bertaratzen direnek mendiko zinemarik onenarekin eta berrienarekin gozatuko dute berriz ere.
Mendi Tour 2021 zirkuituko lehen hitzorduetako bat da Gasteizkoa. Donostia, Iruñea, Zangotza eta Leioako aurreko saio arrakastatsuetan edukierak bete egin dira, mendiko zinemagintzak tiradizo handia duela eta inspirazio iturri dela erakutsiz, areago pandemia garaiotan.
Mendiko, abenturazko, muturreko kiroletako eta naturako pelikula zoragarriek osatuko dute Gasteizko programazioa. Guztiak dira obra gomendagarriak mendizaleentzat, zinemazaleentzat nahiz publiko zabalarentzat.
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 13. edizioko 14 film eskainiko dira. Horien guztien estreinaldia izango da Araban. Azpimarratzekoa da 14 film horietatik 8 Mendi Film jaialdian saritutakoak direla, hau da, hango palmaresaren zati handi bat dakar Gasteizko aurtengo programazioak.
Hillary – Ocean to Sky, Everest – The Hard Way, Out of the Blue, zinema-titulu handiekin batera, izen handiko zuzendariak nabarmentzen dira, hala nola Michael Dillon, Pavol Barabas, Seb Montaz edo Mike Douglas & Anthony Bonello tandema.
Horrez gain, lau euskal ekoizpen daude: Arriesgarse a Vivir, Mikel Zabalza, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo, Juanjo San Sebastián, Nives Meroi eta Romano Benet bezalako alpinistekin, The Walk On Project Fundazioaren inguruan; Mendian Hil, Hirian Hil Iñaki Peña zuzendari eta zainketa aringarrien mediku espezialistaren lana, Euskarazko Film Onenaren Saria irabazi zuena; eta Mikel Sarasola protagonista deneko bi pelikula: berak zuzendutako The Tears of Shiva eta Ruben Crespok zuzendutako Aterpean Ateri.
Sarrerak on-line soilik eskura daitezke www.fundaciónvital.eus webgunean eta www.mendifilmfestival.com webguneko esteketan. Edukiera mugatua izango da, eta osasun-prebentzioko neurriak hartuko dira aretora sartzean.
EGITARAUA:
Otsailak 15 astelehena (18:30)
ATERPEAN ATERI: Mikel Sarasola piraguistak ur lasterretako abenturekin egiten du amets etxealdi bete-betean
HARDA THE TOUGH: Mendi Film 2020 Zuzendari Onena – Marcin Polar Poloniako Tatra mendietako Harda haitzuloan muturreko espeleologia.
NORTH COUNTRY: Amerikar Estatu Batuetako eski dendarik zaharrenean belaunaldi aldaketa nola ematen den kontatzen duen istorio hunkigarria
L’ESCALADE LIBÉRÉE: Mendi Film 2020 Epaimahaiaren Saria Antoine Le Menestrel eskalatzaile mitikoaren bizitza eta pentsaera
ARRIESGARSE A VIVIR: The Walk On Project fundazioaren baloreak alpinista eta atleta ezagunengan irudikatuta: Mikel Zabalza, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo, Juanjo San Sebastian, Nives Meroi, Romano Benet, Didac Costa…
Otsailak 17 asteazkena (18:30)
THE CHAIRLIFT: eskiatzailea ametsak betetzera bidean jartzen duen gailu anonimo eta ezinbesteko hori, teleaulkia
MENDIAN HIL HIRIAN HIL: Mendi Film 2020 Euskerazko Film Onena Zaintza aringarrietan espezialista den Iñaki Peña medikuak hausnarketarako gonbitea egiten du: zenbateraino eta zertan da desberdin heriotza mendian eta hirian? Era batera edo bestera, senide edo lagun maitatuak galdu dituztenen testigantzak.
OUT OF THE BLUE: Mendi Film 2020 Epaimahaiaren Aipamen Berezia
Suitzako Oberland mendietan odisea bertikal liluragarria: highline, akroyoga, spacenet, zapi aereoak, parapentea, windsuitak…
Otsailak 18 osteguna (18:30)
CHARGE 2: irudi eta akzio uztartze ikusgarria konbinazio potente batetik eratorria: muturreko eskiatzaileak eta haiekin dabilen munduko drone gidari txapelduna
THE TEARS OF SHIVA: Mikel Sarasola kayakista eta zuzendari donostiarraren lana. Nepalgo Karnali ibai sakratuan barna eginiko espedizioa, haren kontserbazio aldarria buruan dela.
FREE AS CAN BE: Mendi Film 2020 Eskalada Film Onena “Free Rider” Yosemiteko El Capitan horman, eta hura era askean eskalatzeko eginahalean bat egingo duten belaunaldi desberdineko bi lagun, tartean Mark Hudon legenda..
EVEREST – THE HARD WAY: Mendi Film 2020 Ikusleen Saria Everesteko biderik zailenean burututako muturreko erronka alpinoa, britainiarrek 1975ean zabaldutako “The Hard Way” bideari estilo alpinoan ekin zion 1988ko esloveniarren espedizioa .
Otsailak 19 ostirala (18:30)
EL GRAN HITO: Mendi Film 2020 Film Labur Onena Stop-motion teknikaz landutako animazioa. “ViaCruxis”-en sortzaile Ignasi López-en lan berria.
HILLARY – OCEAN TO SKY: Mendi Film 2020 Sari Nagusia Edmund Hillaryren azken espedizio handia: Ozeanoko uretan abiatu zen espedizioa, Ganges ibai sakratuko uretan gora motordun txalupetan nabigatu eta Himalayako Akash Parbat menditzarrean amaitzeko.
*Jatorrizko Bertsioetan eskaintzen dira pelikulak, azpitituluekin
Amaitu da BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia 14. edizioa
‘The Wall of Shadows’ filmak irabazi du BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaiko Sari Nagusia
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia 14. edizioa abenduaren 3tik 12ra
Bilbok Mendi Film arnastuko du: zine saioez batera 6 erakusketa eta 11 hitzaldirekin
Mendi Tourra Antzuola eta Getarian
Mendiko zinemagintza onena aste honetan: Antzuolan astelehena 18an eta Getarian igandea 24an