MENDIA

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia 14. edizioa abenduaren 3tik 12ra

by | 2021/11/19

Argazkiak: mendifilm

Mendiko zinemagintzarik onenaz gozatzeko aukera hemen da berriro BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren 14. edizioan, abenduaren 3tik 12ra. Gaur Bilboko Euskalduna Jauregian egin den ekitaldian, babesle nagusiek eta Mendi Filmeko ordezkariek aurkeztu dute.

Bilbon, publikoarekin beste behin zuzenean konektatuz, iaz ere egin bezala, hiriko hiru aretotan zabalduta egingo da BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldia: Euskalduna Jauregia, Golem zinemak eta Sala BBK.

Guztira 44 zine saio programatu dira 14. ediziorako. Horrez batera, 11 hitzaldi/mahai inguru eskainiko dira, eta 6 erakusketa egingo dira.

Saioetako sarrerak, azaroak 22 astelehenean, eskuragarri egongo dira www.mendifilmfestival.com eta Euskalduna, Golem eta Sala BBK-ko salmenta puntu eta plataformen bidez. Aldez aurretik erosita, saio egunetan bertan baino merkeago.

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia Sail Ofizialeko filmak on-line ikusi ahal izango dira aurten ere, eskaintza hau zabaltzen den bigarren aldia da, iaz abiatutako bide arrakastatsuari segida ematen diona.

Vimeo sare sozialak eskaintzen duen plataformako on demand edo alokairu formula erabilita, Sail Ofizialeko filmen pack osoa, gaitegien araberako film multzoak, edo filmak banaka alokatu ahal izango dira.

Alokairua abenduaren 14ra arte egongo da eskuragarri. Ikustaldi epea abenduaren 4an jarriko da indarrean. Mendi Filmek sortutako azpitituluak dituzte filmek, euskaraz eta gaztelaniaz.

Guztira, mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten 52 film ikusi ahal izango dira aurtengo edizioan: 50 film Sail Ofizialean, film bat Zabalandi lehiaz kanpoko atalean: ‘Pedalkadak Itsasoan’ eta Mendi Film Bizkaia-Ternua Beka 2021 jasotako film laburra,`Txango.’

Hainbat estreinaldi gauzatuko dira, Mendi Filmen erakusleiho aparta baliatuz:

-Nazioarteko 10 estreinaldi

-Europa mailako estreinaldi 1

-Estatu mailako 22 estreinaldi

-Euskadi mailako 14 estreinaldi

52 film, luzeak zein laburrak, 11 herrialde ordezkatuz, hein handi batean europarrak, tartean 11 euskal ekoizpen daude. 192 filmek aurkeztu dute hautagaitza, Mendi Filmen sekula izan den kopuru handiena. Mendi zinemagintzako zuzendari entzutetsuak ageri dira aurtengo filmen egiletzan. International Alliance for Mountain Film elkargoaren Sari Nagusia jasotako Pavol Barabás, Alastair Lee, Eric Crosland, Peter Mortimer, Zach Barr eta Keith Partridge, esaterako. Baita Mendi Filmen sariak irabazi izan dituzten Paul Diffley, Eliza Kubarska, Jim Aikman, Mathieu Le Lay, Flo Gassner, Paul Schweller eta Mikel Sarasola ere. Haien eta gainontzeko zuzendarien filma berrienen eskutik, sekulako maila izango du 14. edizioko Sail Ofizialak.

NAZIOARTEKO ESTREINALDIA HASIERA EKITALDIAN: ‘MENDIAK 1976’

Hasiera Ekitaldi ofiziala abenduaren 4an egingo da, larunbata, Euskalduna Jauregiko Auditorio nagusian. Luis Arrieta zuzendariaren ‘Mendiak 1976’ filmaren nazioarteko estreinaldia ikusiko dute bertaratzen direnek. Emozio, zirrara eta indarrez betetako saioa izango da, agertokian bilduko baitira, 45 urte beranduago, 1976ko Shakhaur (Afganistan, 7.116 m) espedizioetan mendiko istorio gogoangarri batek batu zituen nafarrak eta poloniarrak.