MENDIA
Mendi Tourra Antzuola eta Getarian
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zine jaialdiko pelikularik onenez eta txalotuenez gozatzeko aukera ematen duen Mendi Tourrak Antzuolan eta Getarian, Gipuzkoan, ditu hurrengo bi hitzorduak.
Urriaren 18an astelehena, Puntaik Punta Debagoeieneko Bidezidorren Jaialdiko lehen eguna Antzuolan, Torresoroa aretoan eskainiko dira 3 pelikula:
ATERPEAN ATERI (5′) Ruben Crespo zuzendari errenteriarrak gidatuta, Mikel Sarasola ur lasterretako kayaker donostiarrak etxealdi garaian izan zituen burutazioak.
MYRTLE SIMPSON: A LIFE ON ICE (34′) Myrtle Simpson esploratzaile eta abenturazale britainiarrari eginiko aitortza dokumentala, Groenlandia eskietan zeharkatu zuen lehen emakumea.
DIE GROBE ZINNE (THE GREAT PEAK) (54′) Reinhold Messnerren kontakizuna, Lavaredoko Hiru Gailurretako 150 urteko eskalada historia eta eboluzioa aletuz.
18:30ean hasiko da emanaldia, eta sarrera doan izango da.
Eta datorren igandean, hilak 24, berriz, Getariako Mendi Tourraren bigarren edizioa egingo da, Iturzaeta aretoan. Eguna mendi txango batekin hasiko dute getariarrek, eta arratsaldean (18:30) mendiko zine saioarekin borobildu. Sarrera doan izango da baina gonbidapenak Turismo bulegoan jaso behar dira (dagoeneko eskuragai).
4 pelikulekin osatutako egitaraua eskainiko da Getarian:
CHARGE 2 (4′) Free skiaren ikusgarritasuna munduko txapelduna den drone gidariaren eskutik biderkatuta.
EL GRAN HITO (13′) Film Labur Onena Mendi 2020 Stop-motion animaziozko lana, mendia, erronkak eta emakumearen protagonismoa aldarrikatzen dituena.
SHARED VISION (28′) Zertaraino gai den Red Széll eskalatzaile britainiarra, itsua, Eskoziako kostaldeko haitz-zutabe tente bati aurre egiterakoan.
MENDIAN HIL, HIRIAN HIL (58′) Euskarazko Film Onena Mendi 2020 Bizitza eta heriotzaren inguruko hausnarketa mendiarekin estuki lotuta dauden protagonisten eskutik: eskarmentu handiko mendizaleak, semea edo anaia mendian galdu dutenen senideak, mendian espezializatutako kazetariak… Dolua eta heriotza agerian, inoiz gutxi bezala.
Mendia, muturreko kirolak, abentura eta natura gaien zinemagintzako nazioarteko film onenak eta berrienak aurkezten ditu Mendi Film Festivalak –aurten 14. edizioa beteko du abenduaren 3tik 12ra- , eta han saritutako eta gehien nabarmendutako filmekin osatzen da Mendi Tourra, urte osora zabaltzen den zinema mostra ibiltaria. 2021ean jada, eta pandemiak pandemia, 7000 ikusletik gora erakarri ditu, 28 herri eta hiri desberdinetan emanaldiak eskainita.
Igandean ospatzekoa zen Gorobel mendi martxa bertan behera geratu da
Albiste honekin, 2020ko Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuituari amaiera eman diote antolatzaile guztiek eta EMFk
Eneko Pou: «Neurri batean Euskal Herriaren enbaxadoreak gara munduan zehar»
Eneko Pouri elkarrizketa. Mendi-gidaria eta eski-irakaslea; alpinismoan, eskalada librean, muturreko eskian eta izotzeko eskaladan aritzen da
1980ko Everesteko espedizioaren gorazarrea egingo dute igandean
Gu ere bai! ekimenak antolatu du omenaldia. Maiatzaren 5ean izango da: 10:00etan elkartu, Kalamuan; eta 13:00etan omenaldia, Arraten