MENDIKO LASTERKETAK/EUSKAL SELEKZIOA
Mendi lasterketetako Euskal Selekzioa etxean gelditzen da (II)
Mendiko Euskal Selekzioak Etxean Gaude lelopean egitasmoa antolatu du Euskal Mendizaleen Federazioak, selekzioaren parte diren korrikalariek egun pairatzen ari garen egoeran, egunerokotasunean nola moldatzen diren ezagutzeko
EMF
Azkenaldian, mendiko diziplina ezberdinetako kirolariak ere, etxean daude COVID-19aren ondorioz. Euren jarduna nolakoa izaten ari den jakiteko, egunero, kirolari ezberdin baten geldialdiaren berri ematen joango gara. Honakoan, Andrea Garay Zarraga (1991, Gasteiz, Araba), Euskal Selekzioko mendi korrikalariaren hitzak jasoko ditugu.
1. Nola daramazu berrogeialdia?
Egunaren arabera! Argi daukat, zorionekoa naizela etxekoek osasuna dutelako, eta hori da garrantzitsuena. Baina mentalki oso zaila izaten ari da. Funtsezko aldaketa izan da, eta bapatean onartu behar izan dugu. Nire burua, gaur gaurkoz, ez da hain indartsua. Iruditzen zait gehienek eguna aprobetxatzen dutela, gauza ugari egiteko gogoa dutela, baina ez da nire kasua. Nahiz eta hilabete bat pasa, oraindik saiatzen ari naiz alde positibo hori ateratzen ikasten.
2. Sasoia mantentzeko zein entrenamendu mota egiten ari zara?
Kirolarekin gauza bera gertatzen zait. Beti izan naiz oso gogotsua, eta orain ez dut motibaziorik aurkitzen. Berrogeialdia hasi eta berehala arrabola apurtu zitzaidan, eta zaila izan da beste bat lortzea. Hala ere, korrika egiteko zinta aurkitu nuen eta egunek hobetu egin dute, dibertigarriagoak dira. Holaxe pasa ditut egunak: korrika pixka bat egin, indar lanak egiten jarraitu, eta luzatzeko ariketek ere garrantzia irabazi dute. Bestalde, yogaren antzeko zerbait egiten saiatzen naiz. Onartu dut nire sasoi puntua jaitsi egingo dela, eta gehiegi ez galtzeko lantzen ari naiz, beti gogoaren arabera. Konfinamendua bukatu eta gero, mendira itzul gaitezkeenean, sasoia berreskuratzen saiatu beharko dut.
3. Aurten, zein egutegi egiteko asmoa zeneukan?
Lasterketa asko neuzkan egutegian. Espainiako Kopa lehiatuko nuen, Zegama Aizkorri egiteko asmoa ere baneukan, eta udan, Madeira-ra joan nahi nuen. Horrez gain, etxean lasterketa asko neuzkan gordeta. Ez ziren hain famatuak, baina gogorrak bezain politak ziren.
4. Ekainetik edo uztailetik aurrera zerbait jokatuko denaren esperantzik baduzu?
Izugarria izango litzateke, baina ez dut uste. Agian, naturan kirola egiteko baimena emango digute, baina lasterketen aldetik gehiago luzatuko da nire ustez.
5. Zein ziren 2020rako zure helburuak?
Nire lehenengo urtea izango zen #EuskalSelekzioa-n, eta ahalik eta ondoen egin nahi nuen korrika. ZegamaAizkorri egitea sinestezina iruditzen zitzaidan, eta Camille Extreme berriro lehiatzeak ilusio handia egiten zidan.
Ekain Rojo: «Estatuen arauekin jokatutako partida»
Eskubide osoko kide gisa onartzeko eskatu diote FIFAri eta UEFAri. Zer bide egin dezake eskaerak? Rojoren eta Toledoren gogoetak jaso ditu BERRIAk
Koldo Aldalur: «Ito zorian»
«Inora ez goazela iruditzen zait: eragin eta eragin egiten dugu geure burua engainatu arte, baina beti toki berean gabiltza»
Euskal Futbol Selekzioaren aldeko eskaria aztertu dute Stratfor geopolitika plataforman
Euskadiko Futbol Federazioak UEFAko eta FIFAko kide izateko egin duen eskariak izan dezakeen eragin politikoari buruz hausnartu du Stratforrek bere agerkari digitalean