MENDIA
Mendi Film Festivalaren 13. edizioa hasiko da ostiral honetan
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 13. edizioa indar betean hasiko da ostiral honetan, abenduak 4, Euskalduna Jauregian egingo den irekiera ekitaldian (19:00) bi pelikula eskainiko direlarik.
Sail ofizialak “Salto is the King” lana zabalduko du, 2016an Mendi Filmeko Sari Nagusia irabazi zuen Pavol Barabás zuzendari eslovakiar entzutetsuaren pelikula, Venezuelako Salto del Angel ur-jauzi ikusgarrian kokatua. Eta lehiaz kanpoko Zabalandi sailean, estreinaldi handi bat, “Arriesgarse a Vivir”, The Walk On Project fundazioaren pelikula, pandemia garaiotan kemenez beteriko mezua dakarrena, protagonista handiekin: Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo, Mikel Zabalza, Juanjo San Sebastian, Nives Meroi eta Romano Benet, Didac Vila…
Sail ofizialean 18 herrialde ezberdinetako 54 film lehiatuko dira. Nazioarteko 6 estreinaldi egingo dira asteburuan, eta horietako 5 euskal produkzioak dira: ‘Aterpean Ateri’, ‘Arriesgarse a Vivir’, ‘Iparraldean’, ‘Mendian Hil, Hirian Hil’ eta ‘Urmuga’. Kanarietakoa da bestea: ‘Jurria: Guardianes del Garrote’.
Mendi Film Sari Nagusiaren irabazle izandako Pavol Barabás (‘Salto is the King’) eta Paul Diffley (‘A Dream of Edwin Drummond’) zuzendariak ere ageri dira Euskalduna, Golem zinemak eta Sala BBK-ko programazioetan, eta besteren artean baita Reinhold Messner ere (‘The Great Peak’).
Aurten, koronabirusaren pandemia dela-eta, Mendi Film Online jaialdia ere hasiko da ostiralean bertan, 20.00etatik aurrera. Sail ofizialeko film guztiak online, nahieran, ikusteko aukera egongo da jaialdiaren webgunean. Filmak banaka nahiz multzoka alokatzeko aukera egongo da, eta egindako alokairu motaren arabera luzatuko da haiek ikusteko denbora (24 ordu, 72 ordu edo 30 egun).
Pelikuletaz haratago, ‘Mendiari bihotz emanak’ komikiaren aurkezpen ekitaldia ere jasoko du Euskaldunak (larunbatean, 19.00etan). Iñurrategi anaien mendi ibilbideari, eta bereziki duela 20 urte mendi istripuan hil zen Felixi, tributua egiten dion komiki liburu berria aurkeztuko dute Ramon Olasagastik eta César Llagunok egileek, Alberto Iñurrategirekin batera.
Mendi Tourra Gasteizen
Nazioarte mailako mendiko zinemagintza onena otsailaren 15etik 19ra, Vital Fundazioa Kulturunean
Mendiko zinemagintza onenaren urteko hitzordua Iruñean otsailaren 8tik 11ra
Mendi Film Bilbao-Bizkaiko hamaika pelikulla eta hiru euskal ekoizpen eskainiko dira
Mendi Tour otsailean
Iruña, Gasteiz, Santutxu, Zangotza, Leioa eta Eskoriatzan izango dira emanaldiak