HERRI KIROLAK/HARRIA
Marka saiakera egingo du Izeta IV.ak otsailaren 8an Zarautzen
Bi marka saiakera ikusteko aukera izango da otsailaren 8an Aritzbatalde kiroldegian, Hodei Iruretagoiena eta Udane Ostolaza harrijasotzaileen eskutik
Bi harriri 150 jasoaldi segidan egiten ahaleginduko da Hodei Iruretagoiena, ‘Izeta IV.a’. Horietako 100, esku batekin egingo ditu. 100 kiloko kopa esku bakarrarekin 100 aldiz altxatzea izango du erronka eta, jarraian, 125 kiloko kubikoa 50 aldiz jaso beharko du.
Udane Ostolaza 14 urteko harri-jasotzaile oriotarrak ere errekor saiakera egingo du, 75 kiloko errektangularrarekin, kasu honetan.
18:00etan hasiko da kirol proba, eta sarrerak 15 euro balioko du.
Aritzbataldeko ikuskizuna ez da errekor saiakerekin amaituko. Horien ostean, harri-jasotze erakustaldia egingo dute Mikel Lopetegi Urra, Aimar Irigoien, Unax eta Jakesek. Era berean, Arria V.ak eta Txapartegik pentatloiko probak egingo dituzte.
Marka saiakera egingo du Izeta IV.ak otsailaren 8an https://t.co/o3hZxzU0hQ @ZBizia @ZarautzKE1944 #Zarautz #Orio
— Zarauzko Hitza (@zarauzkohitza) January 23, 2020
Izeta IV.ak urtarrilaren 19an Zarauzko Urteta auzoko frontoian izandako Herri kirol jaialdian parte hartu zuen, semearekin batera. Lau harri-jasotzaile aritu ziren harriekin: Hodei Iruretagoiena ‘Izeta IV.a’, Mikel Lopetegi ‘Urra’, Iraitz Arruti ‘Burnitxiki’ eta Jakes Iruretagoiena ‘Izeta V.a’. Guztira, bost joko egin zituzten. Lehenean, Lopetegi eta Arrutik jardun zuten. Lana: 30 jasoaldi 125eko kopari, bien artean. Bigarren, Izeta aita-semeak aritu ziren. Lana: ‘Izeta IV.ak’ 100 kiloko zilindro kopa erabili zuen eta bere semeak, 26 kiloko zilindro kopa. 20 jasoaldi egin zituen bakoitzak, esku bakarrez.
Ondoren, ‘Izeta IV.a’ eta Lopetegiren txanda izan zen. Egin beharreko lana: 20 jasoaldi 125eko kubikoari, bien artean. Laugarren, Iraitz Arrutik 8 jasoaldi eman zizkion 113 kiloko kubikoari. Eta azkenik, Jakes Iruretagoiena ‘Izeta V.ak’ 3 aldiz jaso zuen 50eko zilindro zaharra.
Leire Garaik eta Maite Ruiz de Larramendik irabazi dute Bizkaia Txapelketa
Olatz Ruiz de Larramendi eta Ainhoa Ruiz de Infante gainditu dituzte finalean 22 eta 18
Urriza, seigarrenez Masterseko txapeldun
Urrizak 30-25 irabazi zion Barrenetxea IV.ari, larunbat gauean jokatutako UTS Master Txapelketako finalean
Azkenean Ruiz de Infante-Ruiz de Larramendi bikoteak jokatuko du Bizkaia Txapelketako finala
Antolakuntzak sailkapena zehazterakoan egindako hutsegitea konpondu eta gero