KIROLA ETA EUSKARA
Marka eta Erronka ekimena, Euskaralditik etorkizunera
Argazkiak: euskaraba.eus
“Marka eta erronka” sarea, euskararen erabilera kirol-arloan sustatzeko ekimena da, kirol entitateetako eta erakundeetako eragileak biltzen dituen egitasmoa, alegia.
Proiektu hau Arabako Kirol Elkarteen Federazioaren, Gasteizko Udalaren eta Arabako Aldundiaren egitasmo partekatua da, kirol arloan euskararen erabilera indartzeko. Hau da, kirol arloan euskara sustatu nahi duten eragile eta pertsonak saretzea da bere helburu nagusiena.
Duela bi urte, Euskaraldiaren lehen edizioaren baitan, hainbat kirolari eta kirolzale bildu ziren Europa biltzar-jauregian, ekimenarekin bat egiteko, eta Arabako kirola euskalduntzeko pausuak nola eman eztabaidatzeko. Guztira, Gasteizen 13.000 eta Araba osoan 18.000 izan ziren Euskaraldiarekin bat egin zutenak.
2020 urtea zaila izan arren, Arabako kirolak berriro ere erakutsi du bere marka Euskaraldiaren bigarren edizioan. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte iraun duen ariketa praktikoan 179.780 norbanakok parte hartu dute eta horietako %8,46a arabarrak izan dira. Beraz, 15.000 ahobizi eta belarriprest inguru izan dira Araban.
Edizio honek berritasun bat izan du: ariguneak. Ariguneak euskaraz jarduteko leku seguruak dira, bertan dauden kide guztiek euskara ulertu egiten dutelako eta taldean euskaraz egitea babestu egiten dutelako. Hartara, Arabako hainbat kirol elkartetan ariguneak sortu dira dagoeneko.
Orohar, inertzia berriak sortu dira eta 2021ean jarraipena izan behar dutela argi dute Marka eta Erronka ekimenetik. Horretarako, 2020rako begiz jota zuten erronka bati ekingo diote aurrerantzean: euskara sustatzen duten kirol klubak eta federazioak elkartu nahi dituzte, entrenamenduetan ere euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko. Horretarako estrategiak partekatu nahi dituzte, eta 2021ean pauso berri bat eman.
Era berean, opari gisa, “Marka eta Erronka: euskara eta kirola bat eginik” gida eskuragarri jarri dute, jendarteari hurbiltzeko euskararen presentzia areagotzeko sortu dituzten tresnak eta Arabako kirolean izan dituzten adibide praktikoak.
KIROLA ETA EUSKARA
Aitor Xabier Ruiz de Luzuriaga: “Praktika komunitarioa abian jartzera goaz”
Kirol psikologo, kirol eta hizkuntza aholkulari. Kirolean euskara sustatzeko bideaz aritu gara berarekin
Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoak bertan behera geratu dira
Covid 19aren hedapenari aurre egiteko jarritako neurriek ezinezko egin dute aurtengo edizioa lehiatzea
Amaia Castresana: “Baliabide gutxi dugu urrats gehiago emateko”
Araski emakumezkoen saskibaloi klubaren idazkariarekin elkarrizketa, hizkuntzaren normalizazioaz