KIROLA ETA EUSKARA

Aitor Xabier Ruiz de Luzuriaga: “Praktika komunitarioa abian jartzera goaz”

by | 2020/05/01

Argazkiak: euskaraba.eus

Lan ugari egiten da euskarak kirolean bere bidea egin dezan. Arreta eskatzen du. Hizkuntz normalizazioa zor diogu-eta

Aitor Xabier Ruiz de Luzuriaga (Araia, 1979) kirol psikologoa da formakuntzaz eta  lanbidez Pilota Federazioko teknikari gisa aholkularitza eskaintzen die kirolariei eta federazioei. Euskara aholkulari  jarduten du  AFDAn (Asociación de Federaciones Deportivas de Alava). Kirolean euskararen egoera ezagutzeko lanketan gauden honetan, inportantea iruditu zaigu berarekin mintzatzea.

Hasteko, esaiguzu zer den AFDA, mesedez.

Bere izenak dioen moduan, Arabako Federazio guztien elkarte bat da. Zerbitzu amankomunak eta baliabideak eskaintzen dizkie Federazioei. Formakuntza, aholkularitza ekonomikoa, juridikoa eta bestelako hainbat laguntza. Erakunde xumea da, langile bakarra du (Ana Lopez de Uralde), baina gehienak Federazio txikiak direla kontuan izanik eskaintzen dituen zerbitzuak baliagarriak izan daitezke eurentzat. Presidente lanetan Athletismoko Andres Sanchez aritzen da.

Euskarari dagokionez nola zaudete egituratuta?

Batzorde bat dugu non Aldundia, Gasteizko udala, AFDAko idazkaria eta ni neu gauden. Bertan aztertzen ditugu gaiak eta ondoren elkarteko presidentearekin, Andres Sanchezekin, egoten gara, Federazio guztietara heltzeko gure hausnarketa eta erabakiak.

Zer egin duzue orain arte eta zer egiten ari zarete egun?

Orain dela 4 urte formakuntza tailer batzuk antolatu genituen. Entrenatzaileei, Federaziotako teknikari eta langile guztiei, euskaldunei zein erdaldunei, zuzendutakoa zen. Helburu praktiko bat zuten. Euskaldunekin urrats zehatza  finkatzen saiatzen ginen. Erdaldunekin, hauek zituzten arazo praktikoei nola heldu eta gainditu aztertzen genuen.

Ez zen aparteko parte hartzerik izan. Saio bakoitza 15 laguni zuzendua zegoen. Baina haietan, Aldundia eta Udala jabetu ziren lan lerro inportante bat zegoela eta aurrerago komentatu dezakegun MARKA ETA ERRONKA  ekimena jarri zen martxan.

Horrez gain, elkarteko langilea euskara ikasteko ahaleginetan ari da, Aldundiaren laguntza batekin.

Eta Araban euskara eta kirolaren berriekin Marka eta Erronka on-line boletina  ateratzen dugu, eragile, elkarte eta klub guztiei helarazten dieguna.

Euskaraldiarekin bat eginda ere, AFDAk euskararen erabilera sustatu zuen kirolean.

Aipatu duzunez, azal iezaguzu  zer den MARKA ETA ERRONKA.

Esan dizudan moduan, MARKA ETA ERRONKA sarea, egin genituen tailer haietatik atera zen. Funtsean topaketa batzuk dira. Bertara gonbidatzen ditugu aurrez identifikatzen saiatzen garen klubetan eta federazioetan dauden aktiboak. Alegia, bere esparruan euskararen alde jarduteko gogoa eta aukera dutenak. Kirol kazetariak, kirol arloko teknikariak eta kudeatzaileak, kirol medikuak, prestatzaile pertsonalak ea fisioterapeutak ere etorri ziren.

Orain arte bi topaketa egin ditugu. Bakoitzera  75 pertsona inguru etorri ziren. Lehenean, hasteko zati teoriko bat egin zen egin beharrekoaz aritzeko, eta ondoren atal praktiko bat. Eurekin partekatzen genuen zer egin litekeen, zer arazo sortzen diren eta nola gainditu edo ekidin daitezkeen.

Bigarrenean, instituzioetan euskara sustatzeko dauden baliabide eta laguntzen berri eman zen. Eta laguntza horiek eskuratzeko lagungarri den GIDA bat prestatu zuen Udaleko teknikariak, argitaratu eta zabaldu egin dena.

Izan ere, federazioek eta klubek ezagutzen ez dituzten laguntza lerro ezberdinak daude. Eta horietariko batzuk, hainbat ekintza egiteko aurrekontu osoa bermatzen dute.

Zeintzuk dira dituzuen arazo nagusienak?

Topatzen garen arazo nagusiena klubetan eta federazioetan euskararen alde arituko den pertsona edo eragilea identifikatzea da. Sarritan klubek eta federazioek aurrez dituzten lanen zama handitze moduan hartzen dituzte euskara sustatzeko proposamenak. Ulertzekoa da, sarritan klub eta Federazio txikiak baitira eta bolondres egindako lan zama handia baitute. Baina guretzako euskara transbertsal gisa hartzea eta lehentasuna ematea erronka nagusia da.

Zeintzuk dituzu zeregin nagusiak aurrera begira?

Epe motzean, Euskaraldiaren bigarren edizoaren sustapenean gabiltza buru belarri. Hain zuzen, hil honen 29an bertan formakuntza saio on-line berezia dugu gai honekin.

Epe ertainean, praktika komunitarioa abian jartzeko asmotan gabiltza. Oso inportantea da, esperientziak, ideiak, arazoak eta irtenbideak partekatzea. Sarritan beste nonbait egiten dena oso baliagarria izan liteke eta.

Kirolean euskaraz, marka eta erronka gida.pdf

KIROLA ETA EUSKARA

Share This