EUSKAL PILOTA/XAREA
Lopetegi-Karrikaburu eta Etxeberri-Funosas, Xare Irekiko finalera
Pasa den larunbatean jokatutako finalerdietan eskuratu zuten finalerako txartela, Borteyru III-Sistiage eta Driolet-Moncadari irabazita, hurrenez hurren
II.San Migel Xare Irekiaren finalerdiak jokatu ziren Irurako Ametsa trinketean, iragan larunbatean. Lehen partidan, Lopetegi-Karrikaburu bikoak nagusitasun osoz , 40-22, irabazi zuen Borteyru III-Sistiage bikoaren kontra. Partidaren haserako tantuetan partida gogorra eta lehiatua ikusiko genuela zirudien, baina haserako parekotasunaren ondoren, Lopetegi-Karrikaburu bikoak aurrea hartu zuen, eta partidaren erdirako 10 tantuko aldea irekitzea lortu zuen. Hortik aurrera, aldea handitzen joan ziren, azkenean emaitza, 40-22 izan zelarik. Ondorioz, Lopetegi-Karrikaburu bikoa Xare Irekiaren finalean izango da. Pozik ziren irabazleak, eta Hazparneko Xareko Mastersa elkarrekin jokatu eta finala galdu ondoren, Irurako Xare Irekia irabazi nahi zutela adierazi zuten partidaren amaieran.
Bigarren partidan, Etxeberri-Funosas bikoak 40-32 irabazi zion Driolet-Moncada bikoari, eta finalerako txartela lortu zuen ere. Partida gorabeheratsua eta abiadura eta erritmo handiz jokatua izan zen. Etxeberri-Funosas bikoak hasera ona eman zion partidari, eta hiruzpalau tantuko aldearekin ibili zen partidaren lehen erdira iritsi arte. Hemen lortu zuen Driolet-Moncada bikoak lehen berdinketa, 21na , eta partidako zatirik ikusgarriena jokatu zuten lau pilotariek. Driolet-Moncada bikoak 28-31 aurrea hartzea lortu zuen, hamar tantuko partzial bikaina jokatuz baina Moncadak ezin izan zion erritmoari eutsi, eta Etxeberri-Funosas bikoak 12-1eko partziala eginez, 40-32 partida irabaztea lortu zuen.
Ondorioz, hurrengo larunbatean, urriak 3, 17:00etan, Lopetegi-Karrikaburu eta Etxeberri-Funosas bikoek jokatuko dute II.San Migel Xare Irekia/Irurako Udala Sari Nagusiaren finala.
Gogoratu finala zuzenean ikusi nahi duenak sarrera Irurako Udala web orrian sartu eta erreserbatu behar duela, Trinketearen aforoa mugatua delako. Zuzenean ikusi ezin duenarentzat, finala internet bidez ere emango da.
II. San Migel Xare Irekia
Xare modalitateko pilotari onenek parte hartuko dute irailaren 5ean, larunbatean, hasi eta urriaren 3an amaituko den II. San Migel Xare Irekian.
Guztira sei bikote arituko dira nor baino nor gehiago Irurako Ametsa Trinketean, bi multzo ezberdinetan banatuta, eta multzo bakoitzeko taldeek ligaxka bat jokatuko dute denek denen aurka, irailaren 5ean, 11n eta 19an.
Aipatu bikoteak Iparraldeko 10 pilotarik eta Irurako 2 pilotarik osatuko dituzte: Lopetegi (Irura)-Karrikaburu, Apeztegia (Irura)-Sistiage, Driolet-Moncada, De Paredes-Borteyru, Larronde-Algaranondo eta Etxeverri-Funosas izango dira.
Multzo bakoitzeko sailkapenaren lehenengo bi postuetan geratzen diren taldeek finalerdiak jokatuko dituzte, irailaren 26an. Finalerdietan nagusitzen diren bi bikoteak aldiz, elkarren aurka arituko dira final haundian, urriaren 3an, 17:00etan. Finalaren atarikoan, iaz bezala, herriko nesken arteko partida izango da ikusgai.
Lehenengo jardunaldian (irailak 5) bi partida jokatu zirelarik: Driolet-Moncadak 40, Larronde-Algaranondo 36 eta De Paredes-Borteyru II 40, Borteyru III-Sistiage 29.
Bigarren jardunaldian, batetik, Lopetegi- Karrikaburu bikoak Larronde-Algaranondori 40-24 irabazi zion, eta bestetik, Borteyru III- Sistiage bikoteak ere garaipena lortu zuen, Etxeberri- Funosas bikotearen aurka (40-31).
“Arkupetik trinketera 1919-2019” aldizkaria
Xarea kirol berezia da herrian, Irurako ondare izatera iritsi delarik, eta hartara mendeurrena (Xareak Irurarekin izan zuen lehen harremana, 1919. urtean gertatu zen) ospatzeko ekitaldi ezberdinak antolatu zituzten iazko abenduan. Urtarrilean berriz, Irura eta xarearen arteko lotura berezi horren berri emateko aldizkaria argitaratu zuten. “Arkupetik trinketera 1919-2019” aldizkaria eskuratzeko sakatu HEMEN
Hasi da buruz buruko erremonte txapelketako final laurdenetako ligaxka
Aritz Juaneneak 19-30 irabazi zion Imanol Ansari Kutxabank Torneoko final-laurdenetako ligaxkaren estreinaldian
Tambourindeguyk eta Lekerikak irabazi dute Donibane Lohizuneko hirugarren Masterra
Jon Tambourindeguyk eta Unai Lekerikabeaskoak Goikoetxea eta Aldazabal bi jokotan menderatu dituzte, 11-15 eta 7-15
Nafarroako erremonte txapelketako aurkezpena egin dute
Bost bikotek jokatuko dute ostiral honetan hasi eta urriaren 10ean amaituko den txapelketa