EUSKAL PILOTA
Loitegi eta Barrenetxea IV.a txapeldun, Azpeitiko Txapelketan
Loitegi eta Barrenetxea IV.ak irabazi zuten pasa den larunbat gauean Azpeitiko Erremonte Txapelketa, Ansa II.a eta Martirenari 40-30 irabazita izarraitz frontoian jokatutako finalean.
Merezimendu osoz lortu zuten garaipena eta Barrenetxeak orain bi urte, Aldaberekin batera, eskuratutako garaipena berretsi du. Loitegirentzat lehenengo txapela da profesional mailan.
Lau pilotariak ez ziren fin aritu partidaren hasieran, baina lehia aurrera egin ahala jokoa hobetzea lortu zuten. Bosna egin eta gero bikote urdina hobeto aritu zen, Barrenetxeak ez baitzuen asmatzen errestoa kentzen Ansari eta Martirenak bizi mugitu zuen pilota. Gauzak horrela 20garren tantora arte urdinek eraman zuten agintea, abantaila txikiak izan zituztelarik (6-12 ere joan ziren irabazten).
Partidaren erditik aurrera jokoa aldatu zen ordea. Tanto bakarrera hurbildu eta gero, gorriek 20na berdindu zuten. Geldialdia eta gero gorriak askoz hobe sartu ziren kantxara eta urdinei aldiz alderantzizkoa gertatu zitzaien.
21na eta gero, gorriak erosoago aritu ziren kantxa gainean eta bost tantoko aldea hartu zuten, 30-25 jarri zirelarik aurretik. Orduan, Ansa eta Martirena gehiago arriskatzen hasi ziren eta akatsak iritsi ziren, horren ondorioz partidua erabakita geratu zelarik, 35-28. Txapeldunek ongi jakin zuten abantaila kudeatzen azken tantoetan eta garaipena erdietsi zuten 40-30.
Pilota jaialdiko aurreneko lehia, hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partida izan zen, non Urrutia II.ak eta Larrañagak lortu zuten garaipena, 37-40, Goikoetxea V.a eta Zubiriren aurka, partidu lehiatu batean. Azken txanpan 30-36 aurreratu ziren urdinak, 0-6ko partzialarekin eta hor erabaki zen norgehiagoka. Dena den, gorriek ez zuten etsi eta bi tantora hurbildu ziren (35-37) baina azkenean ezin izan zuten markagailua irauli.
Urriaren 30eko emaitzak Azpeitin Izarraitz frontoian
- Goikoetxea V.a-Zubiri 37 Urrutia II.a-Larrañaga 40
- Loitegi-Barrenetxea IV.a 40 Ansa II.a-Martirena 30
Inoizko parte hartzerik handiena izango du aurtengo Euskal Pilota Egokitua Sari Nagusiak
Kanporaketak apirilaren 25ean izango dira Oiartzunen eta finalak maiatzaren 16an Getarian
Hasi dira berriro xare txapelketak Iruran
I. Irurako Xare Irekia eta Gipuzkoako Xare Txapelketak abian dira dagoeneko
Emakumezkoen larruzko paleta torneoaren bigarren jardunaldia jokatu da
Emaitzak: Irazustabarrena-Arrillaga 2 Agirresarobe-Landajo 0 eta Larrarte-Erasun 2 Iturbe y Zulaika 0