SASKIBALOIA
Lointek Gernikak agur esan dio Europari
Lointek Gernika Bizkaiak Eurokopako final-hamaseirenetara sailkatzeko kanporaketako bueltako norgehiagoka jokatu zuen atzo Turkian. Joanekoan, abenduaren 15an Malosten jokatutako lehian, lortutako 24 punturen aldeari eutsi behar zion Mersinen (Turkia), Cukurovaren aurkako itzulikoan baina azkenean ez zen posible izan. Errenta handia zuten bere alde gernikarrek, baina 29 puntugatik galdu zuten (69-40) eta agur esan zioten Eurocup Women txapelketari.
Mario Lopezen taldeak zortzi jokalariekin bakarrik ekin zion partidari, Belen Arrojok Turkian bertan egindako probetan positibo eman baitzuen eta ez zuen jokatzerik izan. Gainera, koronabirusaren bilakaeragatik, ia hiru aste zeramatzaten jokatu gabe, eta epaileen erabakietaz aparte, horren eragina ere sumatu zuten.
Hasieratik ireki zuten zuloa markagailuan turkiarrek, lehen laurdenean 23-6 aurretik zeudelarik. Atsedenaldirako gauzak zailago jarri zitzaizkion Gernikako taldeari, izan ere, 42-15 galtzen heldu ziren, jipoi handia bizkaitarrentzat. Hirugarren laurdenean ere CBK Mersinek agindu zen eta 62-27ko emaitzarekin amaitu zen.
Egia esan, azken laurdenera arte, bizkaitarrak bere mailatik oso urruti aritu ziren, baina hala ere, azken minutuetan berriz ere kanporaketa alde jartzeko zorian izan ziren. 2-13ko partziala egin zuten euskaldunek eta minutu baten faltan kanporaketa berdintzea ere lortu zuten, 64-40koa ipini baitzuten markagailuan. Baina egindako hutsegiteak tarteko, azken minutu horretan 5-0ko partziala erdietsi zuten turkiarrek eta aurrera egin zuten lehiaketan.
Fitxa teknikoa
69.- Cukurova BK Mersin (23+19+20+7): Jasmine Thomas (15), Tiffany Hayes (9), Quanitra Hollingsworth (10), Asena Yalcin (3), Temi Fagbenie (8) -hasierako taldea-; Shavonte Zellous (6), Yvonne Turner (4) eta Kristine Anigwe (14).
40.- Lointek Gernika (6+9+12+13): Roselis Silva (3), Rosó Buch (13), Angela Bjorklund (4), Melisa Brcaninovic (6), Tinara Moore (10) -hasierako taldea-; Itziar Ariztimuño (2), Paula Ginzo (2) eta Marta Alberdi (-).
Partzialak: 23-6, 42-15 (atsedenaldia), 62-27 eta 69-40 (amaiera).
Epaileak: Franko Gracin (Croacia), Kirile Tvauri (Georgia) eta Margarita Petrenko (Rusia).
Jai Alai Winter Series zesta-punta lehiaketa aurkeztu dute
Miamin apurtutako ametsa, Euskal Herian berreskuratzeko saiakera abian jarri du EITB komunikazio taldeak
Ipar Euskal Herriko saskibaloi jokalari onenak, Euskal Star Game ekimenean
Nesken sailean kostaldekoek irabazi dute txapelketa eta mutilenean barnekaldeko taldeak
Lointek Gernikak garaipen ikusgarria lortu du Mersinen aurkako partidan
Datorren asteazkenean erabakiko da kanporaketa eta gernikarrek 24 puntuko abantailarekin ekingo diote neurketari