SASKIBALOIA

Lointek Gernika Bizkaiak EuroCup Womenen parte hartuko du

2021/07/24

Argazkiak: gernikasaski.com

Lointek Gernika Bizkaiak EuroCup Womenen parte hartuko du 2021/2022 denboraldian. Beste urte batez, eta bosgarrenez jarraian, Lointek Gernika Bizkaiak Europatik bidaiatuko du EuroCupari esker.

Iaz final laurdenetan sartzeko pausu txiki batera geratu ostean, talde gernikarrak esperientzia errepikatuko du aurten ere. Mario Lopezen taldea Emakumezkoen Endesa Ligako laugarren sailkatu moduan dago, beraz, ez du aurretiazko faserik jokatu beharko.

EuroCupeko zozketa abuztuaren 19an egingo da Munichen. Txapelketa bi konferentziatan banatu da, iaz bezala. Helburua bidaia luzeak murriztea da bizi garen pandemia egoera kontutan hartuta. Lointek Gernika Bizkaia bigarren konferentzian kokatuta dago eta gainontzeko taldeak, espainiarrak, frantziarrak, italiarrak, suitzarrak, txekiarrak, alemaniarrak, eslovakiarrak eta belgiarrak izango dira. Lehen fase horren ostean guztira 48 talde egongo dira, hau da, 4 taldeko 12 multzo osatuko dira.

Iazko edizioan, Lointek Gernikak agur esan zion Eurokopari, final-zortzirenetan berriro ere, Sepsiren kontra luzapenean 73-76 galdu eta gero, Sfântu Gheorgheko Sepsi Arenan jokatutako norgehiagokan.

Halaber, Lointek Gernika Bizkaiak 2021/2022 denboraldirako  dagoeneko 400 bazkide dituela jakinarazi dute klubeko arduradunek. Nahiz eta iazko sasoia inoiz baino arraroagoa izan, lau partidetan bakarrik egon zirelarik ikusleak, zale gernikarrak beti bezain fidel mantentzen dira.

2021/2022 denboraldian klubak bere 25. urteurrena beteko du eta horregaitik urte ahaztezin baten bilakatu nahi dute gernikarrek, horretarako marea granatearen laguntza inoiz baino beharrezkoagoa izango delarik datorren denboraldian.

Pasa den urtean, bazkideen %96ak iazko kuotaren zatia eman zion taldeari eta orain 2020/2021 denboraldiko kuotaren itzulera eskatu ez zuten bazkide hoiei errekonozimendu gisa, haien izena agertuko da Emakumezkoen Endesa Ligako 2021/2022 sasoiko kamisetan.

Share This