EUSKAL PILOTA

Laxoa txapelketako bi jardunaldi jokatu dituzte asteburuan

2022/06/07

Argazkiak: Laxoa Elkartea ​

Apirilaren 22an eman zitzaion hasiera XLII. Baztan – Erreka Laxoa Txapelketari, urteroko formatu berdina mantendu duena: ligaxka lehenik, gero final laurdenak eta final erdiak, eta azkenik, final handia.

Aurtengo txapelketan 10 taldek parte hartzen dute, bi multzotan banaturik. Doneztebeko lau talde, Iruritako hiru talde, Arraiozko bi talde eta Oizko talde bakarra daude txapelketan.

Iragan asteburuan txapelketako jardunaldi bikoitza jokatu zuten, ostegunetik hasita igandera bitartean. Ostegunean eta ostiralean zazpigarren jardunaldiko hiru partida jokatu zituzten eta igandean, zortzigarren jardunaldi osoa.

Asteburu bizi hau eta gero, ligaxkako lehen posizioak erabakitzen hasi dira.  7. jardunaldian partiduak izan ziren bai Iruritan eta baita Donezteben ere. 8. jardunaldian, Iruritan, Donezteben eta Arraiozen lehiatu ziren partidak.

Ekainaren 2an, ostegun arratsaldean zazpigarren jardunaldiko bi partida jokatu zituzten Doneztebeko Bear-Zanan. 17:30ean hasita, Doneztebe Apeztegia Arraioz Sagardiaren kontra eta 19:00etan Doneztebe Titi Irurita Migueleneren kontra. A multzoan, Doneztebe Apeztegiak 9-6 irabazi ziom Arraioz Sagardiari eta Doneztebe Titi eta Irurita Migueleneren artekoa bertan behera utzi behar izan zuten, iruritarrak 4-7 irabazten ari zirela. 

Ekainaren 3an, ostiralean 15:30ean, berriz, Irurita Arkupe Doneztebe The Moment taldearen kontra aritu zen, eta azken hauek erdietsi zuten garaipena (7-9). Irurita Olarik Arraioz Zubiondoren kontra jokatu beharreko zazpigarren jardunaldiko partida, berriz, atzeratu zuten.

Txapelketako zortzigarren jardunaldiari dagozkion partidak, berriz, ekainaren 5ean, igandean jokatu dituzte, emaitza hauekin:

  • Irurita Migelene, 6 – Oiz, 9
  • Doneztebe Amezti, 9 – Irurita Olari, 7
  • Arraioz Zubiondo, 9– Irurita Arkupe, 7
  • Doneztebe Titi, 3 – Doneztebe Apeztegia, 9

Zer da Laxoa?

Laxoa, gaur egun praktikatzen den Pilota modalitate zaharra dugu, eta beste batzuen aitzindari.

Garai batean eskuz jokatzen zen bote-luzea modalitatearen berdina da, larruzko eskularruz eta plaza handixeagoan praktikatzen dena orain.

Garai batean, artzainek mendiko pilotasoro edo soropiletan jolasten zuten. Gero, herrira jaitsi zirenean, joko hau zabaldu eta ikaragarrizko arrakasta izan zuen, Euskal Herriko kirol nagusia izan zelarik XIX. mendeko bigarren erdirarte. Ipar Euskal Herrian, Nafarroan (ospetsuak ziren Iruñeko San Fermin bestetan jokatzen ziren partidak), nahiz Gipuzkoa, Bizkaian eta beste zenbait tokitan ere arrakasta izan zuen Laxoak. XIX. mendearen erdialdean izan zuen bere garairik dizdiratsuena.

Gora behera handiak izan baditu ere, gaur egun osansuntsu dagoela esan dezakegu, azken lau hamarkadetan, urtero hutsik egin gabe, herrien arteko txapelketak, bai helduenak bai gazte eta gaztetxoenak, jokatu dira eta.

Share This