EUSKAL PILOTA
Larunbatean jokatuko dira Iruñerriko Erremonte txapelketako finalerdiak
Iruñerriko Erremonte Profesionaleko txapelketa Caixabank Sari Nagusiko final laurdenetako azken bi partidak jokatu zituzten aurreko asteburuan Atarrabian zein Uharten. Aldabe eta Azpiroz (35-23 irabazi zieten Zeberio II.ari eta Otanori), alde batetik eta Uterga eta Barricart (35-25 irabazi zieten Eloy Otxandorena doneztebarrari eta Ioni), bestetik, suertatu ziren garaile, eta hartara txapelketako finalerdiak erabakita geratu ziren.
Gauzak horrela, lehen aldiz antolatu den Iruñerriko Erremonte Profesionaleko txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte larunbat honetan, apirilaren 3an, arratsaldeko 18:00etan hasita Olatzen. Hiru bikote lehiatuko dira finalerako bi txartelen bila: Josetxo Ezkurra-Aimar Saldias, Xanti Uterga-Barricart eta Aldabe-Azpiroz. Bi onenek apirilaren 9an Labriten jokatuko dute finala (18:30).
Larunbat honetarako sarrerak 5 eurotan salduko dituzte eta guztia ADANO elkartearentzat izanen da. Edukiera ehun ikuslera mugatua izango du Olazko pilotalekuak.
Iruñerriko Erremonte Txapelketa
Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolaturiko Iruñerriko Erremonte Profesionaleko txapelketaren lehen edizioa martxoaren 20an hasi eta apirilaren 9an amaituko da, Nafarroako pilotaleku ezberdinetan lehiatuko direlarik jokatu beharreko bost jardunaldiak: finalaurdenetako hiru saioak, finalerdia eta finala.
Guztira sei bikote arituko dira nor baino nor gehiago: Zeberio II.a-Otano, Uterga-Barricart, Ezkurra II.a-Saldias, Martxin III.a-Garces, Aldabe-Azpiroz eta Otxandorena-Ion.
Finalaurdenetako ligaxka hiru asteburutan lehiatuko da: aurrena martxoaren 20an Antsoainen arratsaldeko 18:00tan hasita, bigarrena martxoaren 27an ordu berean Atarrabiako Lorenzo Goikoa pilotalekuan, eta hirugarrena martxoaren 28an Huarteko Toki Alain eguerdiko 12:00tan.
Jarraian, apirilaren 3an finalerdiko saioa lehiatuko da Eguesibarren arratsaldeko 18:00tan non finalaurdenetako norgehiagoken irabazleak neurtuko diren, eta hil bereko 9an finalerdietako kanporaketa honetako bi bikote onenek jokatuko dute final haundia Labrit pilotalekuan, arratsaldeko 18:30tan.
Norgehiagoka guztiak osasun neurri zorrotzak beteta burutuko dira, aforo murriztuarekin, segurtasuneko distantzia gordeta eta musukoak jantzita.
Eusko Label Binakako Pilota Txapelketaren finalerdiak jokatu dira
Datorren igandean, otsailaren 27an, 12:00etan hasita jokatuko dituzte finalak Azkoitiako Gurea pilotalekuan
Eskuz binakako Master Laboral Kutxa txapelketako saioa jokatu da Elduainen
Hainbat partida jokatu ziren pasa den igandean, goizeko 10:30etatik aurrera Udal pilotalekuan
Barrenetxeak jokatuko du 2022ko Iparlur Masterseko finala
Juaneneari gailendu zaio finalerdian, argi eta garbi (30-14)