HERRI KIROLAK/AIZKORA/HARRIA
Larunbatean hasiko da Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa
Datorren larunbatean, ekainak 27, abiatuko da XXIII. Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa, goizeko 11:00etan aurreneko jardunaldia jokatuko delarik Leaburun.
Bertan, Jon Rekondo leitzarra eta Arraiarango Iñaki Azurmendi arituko dira nor baino nor gehiago eta garaipena eskuratzen duena Iker Vicenteren aurka lehiatuko da finalaurrekoan.
Indarrean dagoen osasun egoera dela eta, ekainean, uztailean eta abuztuan egingo da aurtengo txapelketa.
Honako edizioan, bederatzi aizkolarik hartuko dute parte: Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’, Jon Rekondo, Ugaitz Mugertza II.a, Eneko Otaño, Ruben Saralegi, Iñaki Azurmendi eta Jexux Mª Mujika.
Finalerdietako fasean, 2019ko XXII. edizioko lehen hiru sailkatuak sartuko dira zuzenean. Hauek dira: Iker Vicente, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’, final-laurdenetako irabazleen aurka lehiatuko direnak, zozketaren aurreko hurrenkerari jarraituz.
Bigarren finalerdia, uztailaren 4an izango da, bertan Ruben Saralegi eta Ugaitz Mugertza II.a nor baino nor gehiago ariko direlarik, irabazleak Txikia IV.aren aurka lehiatuko delarik finalerdian.
Hirugarren eta azken finalerdian, uztailaren 11n, Eneko Otañok Jesus Mujikaren kontra neurtuko ditu indarrak eta irabazleak Mikel Larrañagaren kontra jokatuko du finalerdian.
Finalerdietako hiru irabazleek finala jokatuko dute abuztuaren 1 edo 2an.
Egur Sport enpresak antolatzen du Urrezko Aizkolari Txapelketa, eta honetaz aparte beste bi lehiaketa ere antolatu ditu aste hauetarako, biak harri-jasotzekoak. Batetik, Hiru Hamarreko Harri-jasotze Txapelketa, gizonezkoek parte hartuko dutena, eta Emakumezkoen Harri-jasotze Txapelketa.
Larunbat honetan, Hiru hamarreko harri-jasotze txapelketan Urdax Magunazelaia eta Mikel Lopetegi ‘Urra’ izango dira aurrez aurre eta emakumezkoen harri-jasotze txapelketan aldiz, saioak banaka egingo dituzte eta honakoan Udane Ostolaza gaztea arituko da 50 kiloko harriekin.
Beti Gazte talde lesakarraren garaipen boladak ez du etenik
Gizonezkoen 680 eta 640 kilotako kategorietan zein emakumezkoen 540koan jantzi ditu Euskal Herriko txapelak
Abian da Goma gaineko Euskal Herriko Sokatira Txapelketa
Larunbat honetan hasita, Getxon jokatuko dituzte zazpi kategorietako txapelak martxoko asteburu guztietan
Beti Gazte txapeldun Nafarroako sokatira txapelketa mistoan
Lesakako zortzikotea nagusitasunez gailendu zitzaien Txantrea, Antsoain eta Berriozarri