HERRI KIROLAK/SOKATIRA

Beti Gazte txapeldun Nafarroako sokatira txapelketa mistoan

by | 2021/03/01

Argazkiak: egursport.com

Joan den larunbatean emakumeen eta gizonezkoen Nafarroako sokatira txapelketa jokatu zen Lesakako udal pilotalekuan eta larunbat honetan, leku berean lehiatu da Nafarroako txapelketa mistoa ere, 16:00etan hasita.

Iragan astean seinaka aritu ziren eta larunbat honetan zortzinaka aritu ziren Beti Gazte,  Txantrea, Berriozar eta Antsoain, 550 kiloko kategorian.

Gizonezkoen eta emakumezkoen txapelak irabazi eta gero, txapelketa mistoan ere beste horrenbeste egitea lortu zuen Beti Gaztek, Lesakako zortzikotea nagusitasunez gailendu zitzaielarik Txantrea, Antsoain eta Berriozarri. Lesakako zortzikoteak tiraldi guztiak irabazi zituen eta, honela, Nafarroako txapel guztien jabe egin zen.

Gizonezkoen eta emakumezkoen txapelketetan gertatu zen bezala, Txantrea izan zen lesakarren arerio nagusia. Larunbat arratsaldeko lehen tiraldiak bi talde hauen artekoak izan ziren eta lan ona eginez, Beti Gaztek bereganatu zituen. Antsoain eta Berriozarren kontrako tiraldiak errazago bereganatu zituen Beti Gaztek, eta guztira 9 puntu batuta txapela janztea lortu zuten.  Zortzikote txapeldunean, Beñardo Iantzi, Amaia Leiza, Udane Arbelaitz, Irantzu Goienetxe, Beñat Ordoki, Iñigo Altzugarai, Eneko Saldias eta Maria Iantzi aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena erakusle eta Ainhoa Ubiria laguntzaile zituztela.

Txantreak ere, Beti Gazteren kontrakoak izan ezik, beste tiraldi guztiak irabazi zituen, hartara bigarren postua eskuratu zuelarik 6 puntu pilatuta. Beharbada lehiarik handiena hirugarren postua lortzeko izan zuten Berriozar eta Antsoainek eta azkenean, Antsoain nagusitu zen.

Nafarroako Txapelketa Mistoko sailkapena:

Beti Gazte 9 puntu

Txantrea 6 puntu

Antsoain 3 puntu

Berriozar 0 puntu

Aurtengoa lehiaketa berezia izan da, COVID19 gaitzak eragindako pandemiaren ondorioz, izan ere, Nafarroako sokatira txapelketa osoa Lesakako pilotalekuan lehiatu da, bi jardunaldi ezberdinetan: aurrenekoa otsailaren 20an eta bigarrena 27an.

Sokatiraren hurrengo hitzordua, martxoan jokatuko den Euskal Herriko txapelketa izango da, Getxoko Fadura pilotalekuan lehiatuko dena.

Beti Gaztek, bostik bost

Beti Gaztek, bostik bost

600 kiloko gizonezkoen Euskal Herriko txapela ere jantzi zuen lesakako sokatira taldeak

Share This