EUSKAL PILOTA
Larunbatean hasiko da Banakako Jai Alai World Tourra Berriatuan
Gaur eguerdian aurkeztu dute Berriatuako udaletxean Banakako Jai Alai World Tour zesta punta lehiaketa, garai bateko Buruz Buruko Txapelketaren oinordeko izan nahi duena.
Aurten sei puntistak hartuko dute parte: Antxon, Hormaetxea, Arbe, Aaron, Aimar eta Beaskoetxea. Lehenik final-laurdenetako bi kanporaketa jokatuko dira, eta irabazleek serie buruak izango dituzte zain finalerdietan.
Neurketa guztiak Berriatuako Mendibarren pilotalekuan jokatuko dira, hurrengo hiru larunbatetan 18.00etan hasiko diren jaialdietan: final-laurdenetako norgehiagokak abenduaren 19an jokatuko dira, finalerdietakoak abenduaren 26an, eta finala urtarrilaren 2an.
Esan bezala, larunbat honetan, abenduak 19, bi final-laurden lehiatuko dituzte. Berriatuko Zesta Eskolako Antxon Alberdi etxebarritarrak Alex Hormaetxea bermeotarraren kontra jokatuko du, eta Jokin Arbe markina-xemeindarrak Aaron Gonzalez de Matauco gasteiztarrari irabazi beharko dio finalerdietan sartzeko. Aste honetako irabazleek, Aimar berriatuarra eta Beaskoetxea gernikarra edukiko dituzte zain abenduaren 26ko finalaurrekoetan.
Munduko Pilota Batzarrak antolatzen duen txapelketa honen azken urteetako irabazleek ez dute aurtengo edizioan parte hartuko tamalez: iaz eta 2017an Lopezek irabazi zuen; 2018, 2016 eta 2015ean Goikoetxeak eta 2014an Egiguren II.ak.
Txapelketaren aurkezpenean, Udalari eta herriko zesta eskolari eskerrak emateaz batera, euren parte hartzea garrantzitsua dela nabarmendu du Munduko Pilota Batzarraren ordezkariak. Berriatuko alkateak bere aldetik, gogora ekarri du zestak eta udalerriak daukaten harreman estua, izan ere, Berriatuan kirol izarra zesta punta da. Asko eman dio herriari, eta udaletik ere zesta puntari emateko ahalegina egiten dutela nabarmendu du.
Pandemiaren egoera dela eta, aurtengo txapelketa ikuslegorik gabe burutuko da eta zoritxarrez ezingo dira harmailak beteta ikusi, baina finala Euskal Telebistak emango du.
Ansa II.ak bigarren bukatu du ligaxka Barrenetxea IV.ari irabazita
Lehiakide berdinen artean jokatu dute datorren larunbatean finalerdietako bat
Oihana Orbegozok eta Laia Salsamendik irabazi dute Plazaz Plaza txapelketa
Andrea Aldaregia eta Maite Ruiz de Larramendiri 22-12 irabazita
Urriza da Buruz Burukoaren lehen finalista
Juaneneak berriz, nahiz eta partidua galdu sailkatzeko aukerak mantentzen ditu