PILOTA
Larunbatean hasiko da 50. Binakako Erremonte Txapelketa Nagusia
Iragan asteazkenean aurkeztu zuten Hernaniko Orona-Ideoren egoitzan Binakako 50. Erremonte Txapelketa. Aurtengo edizioa bi arrazoirengatik berezia izango dela nabarmendu du txapelketaren antolatzailea den Oriamendi enpresak. Batetik, bizi dugun mundu mailako osasun krisiak erremontea ere baldintzatu duelako, beste edozein ekitaldi bezala. Bestetik, aurten txapelketak 50. edizioa ospatzen duela da, beraz, urrezko ezteiak betetzen ditu.
Txapelketa Hernaniko Galarreta pilotalekuan jokatuko da eta larunbatean, azaroaren 21ean, hasiko da. Finalaurrekoak abenduaren 26an izango dira eta finala urtarrilaren 2an.
Bost bikotek osatzen dute txapelketa eta multzo bakarrean arituko dira, non denek denen aurka neurtuko dituzten indarrak. Urriza-Labaka, Ansa II-Aizpuru III, Juanenea-Larrañaga, Goikoetxea V-Endika eta Segurola-Barrenetxea IV dira bost bikoteak. Segurolak eta Labakak euren postua lortu zuten atariko batean, non Etxarri eta Zalduarekin bi partida jokatu zituzten bikoteak nahastuz.
Puntuazioa ohikoa izango da: 4 puntu partida irabazteagatik, bi puntu 36-39 tantoren artean eginez gero, puntu bat 32-35 tantoren artean eginez gero, puntu bakar bat ere ez 26-31 tantoren artean eginez gero, eta puntu bat kenduko da 25 tanto edo gutxiago eginez gero.
Lehen faseko azken bikotea txapelketatik kanpo geldituko da eta, hortaz, lau bikote sailkatuko dira hurrengo faserako. Ligaxkako lehen bikoteak laugarren bikotearen aurka jokatuko du, eta beste neurketan bigarrenak hirugarrenaren kontra. Finalaurrekoetako bi bikote irabazleek jokatuko dute txapelketaren finala, 2021eko urtarrilaren 2an.
Esan bezala, txapelketa larunbat honetan, azaroaren 21ean, hasiko da. Lehenengo partidan, Urrizak eta Labakak Juanenearen eta Larrañagaren kontra jokatuko dute. Bigarrenean, berriz, Segurolak eta Barrenetxea IV.ak Goikoetxea V.aren eta Endikaren aurka neurtuko dituzte indarrak.
Ate itxiekin jokatuko den arren, larunbat honetan 15:30tatik aurrera Etb1-en ikusteko aukera izango dugu.
Iaz Binakako Erremonte Txapelketako txapelduna izan zen Larrañaga, Urrizarekin bikotea osatuta. Matxin III.aren eta Barrenetxea IV.aren aurka irabazi zuten finala.
Xistera Zirkuituak baditu aurreneko txapeldunak
Merino-Lizardi nesketan, Antxon-Goixerri, mutilen maila nagusian, eta Vidal-Atain II.a, mutilen Bigarren mailan dira txapeldunak
Hasiera eman diote eskuz binakako Emakumea Pilotari Txapelketari
Lehen eta Bigarren Mailetako jardunaldiak lehiatu dira Azkoitian eta Azpeitian
Iparraldeko Trinketeko Lehen Mailako txapela jantzi dute Inhar Ugarte eta Ekhi Ziarrustak
Iparraldeko lehen mailako trinket txapelketa irabazi duten Hego Euskal Herriko aurrenekoak dira