MENDI LASTERKETAK
Kobaz Koba Traileko VI. edizioa aurkeztu dute Zestoan
KOBAZ KOBA TRAILen VI. edizioa aurkeztu zuten pasa den ostegunean Zestoako Udal pleno aretoan egindako prentsaurrekoan. Aurreko urtean lasterketa ez antolatzeko hartutako erabakiaren ondoren, 2022ko otsailaren 13an, lehen gizakiaren bideetatik, iragana bizitzeko esperientzia paregabea egongo da beste behin Arazi IKT eta Agiro Mendi Klubak antolatuta, Zestoako Udalaren laguntzarekin.
Aurtengo edizioa desberdina izango da aurrekoetatik, COVIDaren hedapena gutxitzeko hartutako erabakiak direla eta. Artzei (15km) eta Zaldei (25km) ibilbideetarako izenemate eskari izugarria izan da aurten eta muga jarri behar izan dio antolakuntzak, ondorioz nahi baina korrikalari gehiago geratuko direlarik itxaron-zerrendan.
Bestetik, maskararen erabilera arautu da eta irteeran, lasterketaren lehen kilometroan egongo den irteera neutralizatuan eta helmuga gurutzatutakoan lasterkariek maskara jantzita eraman beharko dute. Halaber, egoerak behartuta, sari banaketa ez da ekitaldi publiko moduan ospatuko jende pilaketak ekiditearren eta lasterketaren ondoren entregatuko zaizkie sariak merezitako txalo zaparradarik gabe bada ere.
Probari dagokionez, Mikel Irure Agiro Mendi Klubeko arduradunak lasterketaren xehetasunak azaldu ditu eta argitu du ibilbidean hobekuntzak egin direla herrira errazago iristeko helburuarekin. Nabarmendu du ibilbidea ohiko legez markatuta egoteaz gain, kilometroak ere adierazita egongo direla ibilbidean zehar (5 kilometro bakoitzeko, seinale bat). Anoa guneetako laguntzaz gain, Gurutze Gorriarena eta identifikatuta egongo diren ia 100 bat bolondresena ere izango dute lasterkariek.
622 dortsal banatuko dira, hauetatik 110 emakumezkoak izango direlarik, 2020ko edizioan baino 22 gehiago. Parte-hartzaileak orokorrean aurreko urteetan baino gertuagotik datoz, izena eman duten parte hartzaile gehienak Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa, Araba eta Ipar Euskal Herritik baitatoz, nahiz eta Errioxatik eta Salamancatik datorrenik ere badagoen.
Zaldei (25km) ibilbidea egin behar dutenen irteera ordua 9:00etan izango da eta Artzei (15km) ibilbidekoa 45 minutu beranduago, 9:45ean. Bi ibilbideen hasiera eta amaiera Zestoako Plazan izango da.
2022koa ere ibilbide ederra eta berezia izango da, Ertxiña, Endoia eta Santa Engraziko gainek ibilbideari ematen dioten gogortasunarekin. Gainera, historiaurreko ondare eta aztarnategien lurraldean, historiaurreko margo eta harribitxiak jasotzen dituzten koben bideetan barrena egiten da lasterketa: Ekain, Danbolinzulo, Astigarraga, Amalda, Praileaitz, Astuigaña, Erraila, Urtiaga, Ermitia eta Erlaitz, eta gainera Irikaitzeko aztarnategia eta Arluze monolitoa. Hau esanda, lasterketaren antolakuntzatik lurjabe guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu beraien lankidetzagatik.
EUSKAL HISTORIAURRERA GARAMATZAN LASTERKETA
Azken izoztaroan euskal mendietan bizi iraun zuten lehen euskaldunak. Elur eta izotzez beteriko mendietan, ehiza eta fruitu bilketa ziren beraien bizimoduaren eta elikaduraren oinarria. Kobek eskainitako estalpeak bizileku moduan erabili zituzten, koba batetik besterako bideetan zehar ematen zuten bere bizitza. Gizaki haiek, Zestoako mendietan barrena, aztarna asko utzi dizkigute, kobak eskaintzen duten babesean. Margo paregabeak, bitxi ederrak, menhirra eta baita eguneroko jardunerako lanabesak ere. Ekain koba, UNESCOk Gizateriaren Mundu mailako ondare izendatu zuen duen garrantziagatik.
Kobaz koba Trail-ak, lehen gizakiaren bideetatik, iragana bizitzeko esperientzia paregabea eskaini nahi du. Gure arbasoen bide berdinetatik, historiaurretik gaurdainoko mendi lasterketa itzela, gure nortasunaren sustraietarainoko ibilbidea.
Urizar eta Luquin nagusi Zubietan
LASTERKETAK/MENDI-DUATOLIA Larunbat arratsaldean Zubietan jokatu zen Mendi Duatloi Zirkuituko bigarren frogan 160 duatloilari inguruk parte hartu zuten. Lehengo urtean EH-ko Txapelketa jokatu zen zirkuituaren antzekoa prestatu zuen antolakuntzak, nahiz eta aurtengoan...