EUSKAL KIROLA

Kirolean generoaren araberako bereizketa abolitzeko manifestua

by | 2020/02/26

 

Urtero bezala, pasa den otsailaren 19an, kirol esparruko LGTBI+fobiaren aurkako eguna ospatu zen

 

Aurten, aldarrikapen egun honen harira Ikusgune – LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak eta Miaukatuz kirol klubak “Zuen gorrotoa ez da gure zelaietan kabitzen” izenburuko manifestua sinatu dute, kirolean generoaren araberako bereizketa abolitzearen alde.

Izan ere, azkeneko hilabeteotan kirolean hainbat homofobia kasu eman direla ohartarazi dute manifestuaren sortzaileek,  besteak beste, Muskizen arbitro baten aurka gertatutakoa gogoratu dutelarik, nahiz eta ez den bakarra izan.

Miaukatuz Kirol Kluba 2014. urtean Gasteizen sorturiko boleibol kluba da, gizarte-integrazioa, sexu-orientazioaren eta generoaren aniztasuna eta tolerantzia kirol munduan bultzatzeko xedea duena. 2017tik aurrera, Sagardovolley nazioarteko txapelketa antolatzen du, LGTBI+ pertsonen eskubideen aldeko aldarria dena.

Ikusgune berriz, Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia, homofobiaren, lesbofobiaren, bifobiaren eta transfobiaren aurkako behaketa sistema iraunkorra da. Lumagorri ZAT, Zisheterosexismoaren Aurkako Taldearen proiektu bat, Gasteizko Udalarekin elkarlanean aurrera eramandakoa.

Ikusgune behatokiaren eta Miaukatuz kirol klubaren arabera, gizonezkoen taldeen nagusitasunak emakumezkoen taldeen ikusezintasuna eta diskriminazioa eragiten du, egoera prekarioenetan eta infantilizatuetan kirolaz gozatu behar baitute.

Ildo horretan, arazoaren sustraietara jo nahi dute manifestuarekin, eta kirola oraindik ere balorazio biologiko eta genetikoetan oinarrituta zehazten dela salatu, eta jaiotzari esleitutako generoaren araberako bereizketa binarioa neurri transfoboa dela ohartarazi dute.

“Pertsona baten aurkako gorroto mezuak edo jarrerak zabaltzen direnean, helburua ez da pertsona zehatz bat, kolektibo oso baten aurkako gorroto-adierazpena baizik”, adierazi dute Ikusgunek eta Miaukatuzek.

Azkenik, bost neurri proposatu dituzte LGTBI+fobia kiroletik desagerrarazteko:

-Kirol munduan ematen den LGTBI+fobiaren existentziaren aitorpen esplizitua; eta kluben, taldeen eta federazioen ardura aitortzea jatorrian, baina baita arazo honekin bukatzeko duten potentzialean ere.

-LGTBI+fobikoa den erakusketa edo jarrera oro zelaietatik desagerraraztea.

-Erakusketa edo jarrera LGTBI+fobikoekin erlazionatuta dauden zigorren betekizuna ziurtatzea.

-Sentsibilizaziorako, kontzientziaziorako eta baloreen hezkuntzarako programak bultzatzea, administrazio publiko guztiak, taldeak, klubak eta federazioak partaide izanik.

-Generoaren araberako bereizketarekin amaitzea kirol eta kirol-kategoria guztietan.

‘Zuen gorrotoa ez da gure zelaietan kabitzen’ manifestua HEMEN

Angeluko Genêts 0-Eibar 5

Angeluko Genêts 0-Eibar 5

Gaurko neurketan Eibar nagusi izan da Angeluko Genêts zelaian 2. multzoko 2. kanporaketan, eta Euskal Herria Kopako 2. fasera pasako da, dagoeneko sailkatuta dauden Mulier eta Añorgarekin batera. Ostiralean erabakiko da laugarren sailkatua, Pauldarrak eta San Ignacio artean jokatuko duten partidan.

Oiartzun 1-Añorga 2

Oiartzun 1-Añorga 2

Gaur arratsaldean Oiartzungo Karla Lekuonan Añorgak 2 eta 1 irabazi dio Oiartzun taldeari. Hartara, 2018ko Euskal Herriko Kopako 1. Multzotik Añorga pasatu da 2. fasera, pronostikoen arabera faboritoa Oiartzun zela pentsatzea bazegoen ere.

Mulier 5-Osasuna 4  (penaltietan)

Mulier 5-Osasuna 4 (penaltietan)

Jokoa 0-0 amaitu ondoren, Mulier nagusitu da penalti jaurtiketan eta zuzenean pasako da Euskal Herriko Futbol Koparen 2. fasera, 4. multxoan bi talde bakarrik egokitu direlako.