BOXEOA

Kerman Lejarragaren hurrengo borroka, abuztuaren 8an

by | 2020/07/14

Argazkiak: MGZ Boxing

Lejarragak Tyrone Nurse ingelesarekin neurtuko ditu indarrak superwelter pisuan (hamar asalto); Ibon Larrinaga getxoztarrak boxeo-jaialdi berean borrokatuko du ere

 

Kerman Lejarraga boxeolari bizkaitarra (28 urte, 30-2, 24 KO) abuztuaren 8an bueltatuko da Malagako Puerto Banuseko Marbella Arenan, MGZ Promotions enpresak iragarri berri duenez.

Bilbotarrak Tyrone Nurse (30 urte, 37-6-2, 7 KO) izango du aurrean superwelter pisuan hamar roundetara jokatuko den borrokan. Sei hilabete lehiatu gabe egon ondoren,  bere hirugarren aukera izango du Lejarragak kategoria honetan. 

Covid19 gaitzak eragindako etenaldiaren osteko aurreneko borrokaldia izango da Lejarragarentzat, superwelter kategorian lehiatuko duen hirugarrena, orain arteko bietan garaipena lortu duelarik. Gogoratu beharra dago, 2019an David Avanesyanen aurka welter kategorian bi lehia (Europako welter mailako tituloa eskuratzeko borroka martxoan eta honen errebantxa irailean) galdu ta gero, aldatu zuela kategoria Morgakoak.

Behin kategoria berrian arituta, Anderson Clayton KOz garaitu zuen Bartzelonan azaroan eta otsailean berriz, Jose de Jesus Maciasi gailendu zitzaion Nafarroa Arenan, epaileen erabakiagatik.

Nursek urtarrilean bete zituen 30 urte, eta 37 garaipen ditu alde (horietariko 7 KOz), sei porrot eta bi nulu. Inoiz ez du porrotik jaso azken kanpai-hotsa jo baino lehen. Duela hamabi urte estreinatu zen profesional gisa, eta bere ibilibideko garaipen handienen artean Chris Jenkins txapeldun britainiarrari irabazitakoa dago.

2015ko uztailean, aritu ziren elkarren aurka aurrenekoz Jenkinsek eta Nursek, orduko hartan borrokaldia nulutzat hartu zutelarik epaileek. Urte bereko azaroan lehiatu ziren berriro eta honakoan Nursek eskuratu zuen garaipena, epaileek hala erabakita.

Huddersfield-en jaiotako boxeolariarentzat honakoa izango da 2020. urteko lehenengo borrokaldia. Iaz jokatu zituen superwelter kategoriako bere aurreneko bi lehiak, uztailean Oscar Amadorri puntuetara irabazi eta irailean Fernando Valenciari gailendu zitzaiolarik, garaipena puntuetara erdietsita honakoan ere.

Marbellako boxeo gau-jaialdi berdinean, Ibon Larrinaga getxoztarra eta Granadako Jhon Carterren arteko borroka ere izango da, 12 asaltoetan gauzatuko dena,  orain hutsik dagoen Europako superluma kategoriako tituloa lortzeko hautagaien arteko lehia izango delarik.