BOXEOA
Kerman Lejarraga, Europako superwelterreko txapeldun
Kerman Lejarraga boxeolaria Europako superwelter txapeldun berria da, pasa den larunbatean, irailak 11, Bartzelonako Vall d’Hebron pabiloian jokatutako borrokan Dylan Charrat frantziarra gainditu ostean, epaileen erabakiari esker.
Entrenatzailea aldatu ondoren eta oraingoan Ibon Larrinagaren gidaritzapean, ederki prestatua ailegatu zen Lejarraga Batzelonako borrokara. Espero zenez, oso parekatua izan zen borrokaldia, bakoitza bere estilo propioarekin, baina aurrera joan ahala bizkaitarra geroz eta hobeto aritu zen.
Lehen asaltoak oso parekatuak joan ziren, lehia bizia egon zen nahiz eta kolperik sendoenak bizkaitarrak eman zituen. Seigarren eta zazpigarren asaltoetan ikuskizun ederra eman zuten bi boxeolariek, aurkariaren bila buru-belarri arituta. Zortzigarren “round”-a izan zen erabakigarriena, bertan Lejarragak kolpe bikainak eman eta garaipenaren bidean urrats garrantzitsua eman zuelarik.
K.O. lortzeko oso gertu egon zen, baina frantziarrak eutsi egin zion. Hala ere, borrokaren joera ikusita puntuetara irabaziko zuela ematen zuen. Baina 10. roundean zeudela, Charratek nahigabe burukada bat eman zion Lejarragari, bizkaitarra odoletan hasi eta epaileak borroka gelditu behar izan zuen. Ondoren epaileek hartu zuten azken erabakia bilbotarraren alde (95/95-96/94 eta 96/95).
Gauzak horrela, 29 urterekin dagoeneko Welter pisuan birritan bereganatu du Europako tituloa eta orain superwelter kategorian ere Europako txapelduna da, bi titulu horiek lortuta historia egin duelarik Morgako boxealariak.
Lejarragak (33-2-0, 25 KO) kategoria honetako bere bosgarren garaipena lortu zuen Bartzelonan. Aurretik, KOz nagusitu zen Anderson Claytonen aurka, KO teknikoz Jez Smithen kontra, eta puntuetara irabazi zien Tyrone Nurse eta Jesús Maciasi (bi kasuetan, epaileek aho batez harturiko erabakian).
Pilota profesionala ekainaren 24an itzuliko da Eibarko Astelenan
Baiko Pilota eta Aspe enpresetako bikote mistoek neurtuko dituzte indarrak, 17:00etatik aurrera
Astebete aurreratuko da Emakume Master Cup Txapelketaren hasiera
Finalerdiak, ekainaren 21ean izango dira Elgoibarren, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Final biak aldiz, Irunen astebete geroago.
Gorka Leunda: «Kirolaren garapena hobetzeko aldaketa estrukturalak bultzatzen ditugu»
Avento Kirol Aholkularitza-ko arduradunarekin elkarrizketa, Euskal Kirol Esparruari buruz