BOXEOA
Kerman Lejarraga, Europako superwelterreko txapeldun
Kerman Lejarraga boxeolaria Europako superwelter txapeldun berria da, pasa den larunbatean, irailak 11, Bartzelonako Vall d’Hebron pabiloian jokatutako borrokan Dylan Charrat frantziarra gainditu ostean, epaileen erabakiari esker.
Entrenatzailea aldatu ondoren eta oraingoan Ibon Larrinagaren gidaritzapean, ederki prestatua ailegatu zen Lejarraga Batzelonako borrokara. Espero zenez, oso parekatua izan zen borrokaldia, bakoitza bere estilo propioarekin, baina aurrera joan ahala bizkaitarra geroz eta hobeto aritu zen.
Lehen asaltoak oso parekatuak joan ziren, lehia bizia egon zen nahiz eta kolperik sendoenak bizkaitarrak eman zituen. Seigarren eta zazpigarren asaltoetan ikuskizun ederra eman zuten bi boxeolariek, aurkariaren bila buru-belarri arituta. Zortzigarren “round”-a izan zen erabakigarriena, bertan Lejarragak kolpe bikainak eman eta garaipenaren bidean urrats garrantzitsua eman zuelarik.
K.O. lortzeko oso gertu egon zen, baina frantziarrak eutsi egin zion. Hala ere, borrokaren joera ikusita puntuetara irabaziko zuela ematen zuen. Baina 10. roundean zeudela, Charratek nahigabe burukada bat eman zion Lejarragari, bizkaitarra odoletan hasi eta epaileak borroka gelditu behar izan zuen. Ondoren epaileek hartu zuten azken erabakia bilbotarraren alde (95/95-96/94 eta 96/95).
Gauzak horrela, 29 urterekin dagoeneko Welter pisuan birritan bereganatu du Europako tituloa eta orain superwelter kategorian ere Europako txapelduna da, bi titulu horiek lortuta historia egin duelarik Morgako boxealariak.
Lejarragak (33-2-0, 25 KO) kategoria honetako bere bosgarren garaipena lortu zuen Bartzelonan. Aurretik, KOz nagusitu zen Anderson Claytonen aurka, KO teknikoz Jez Smithen kontra, eta puntuetara irabazi zien Tyrone Nurse eta Jesús Maciasi (bi kasuetan, epaileek aho batez harturiko erabakian).
Pala Ligako zazpigarren jardunaldia lehiatu da
Necol eta Gordonek 3-1 irabazi zioten Gaubeka-Del Rio bikoteari (8-10,10-7,7-10,9-10)
Eguberrietako buruz buruko erremonte txapelketa abian da
Abenduaren 19an Agoitzen eta abenduaren 20an Uharten finalerdietako aurreneko bi kanporaketak jokatuko dira
Larunbatean hasiko da Banakako Jai Alai World Tourra Berriatuan
Final-laurdenak abenduaren 19an lehiatuko dituzte, finalerdiak abenduaren 26an eta finala urtarrilaren 2an