EUSKAL PILOTA
Juaneneak irabazi du finalerdietako ligaxkako lehenengo partida
Lehiaketari azpi-azpitik ekin arren, lau onenen artean sartzea lortu du Juaneneak eta azken ligaxkaren aurreneko neurketan sekulako ezustekoa eman du, gaur egungo txapelduna den Barrenetxea IV.ari 21-30 irabazita.
Saldiaseko aurrelariak erakustaldia eman zuen pasa den larunbatean eta pronostikoak hautsita, 21 tantotan utzi du Endika Barrenetxea. Seigarren garaipena du erreskadan eta txapela janzteko hautagaitza aurkeztu zuen Galarretan beraz.
Izan ere, dena ondo egin zuen, primeran atera zuen, luxuzko pilotakadak eman zituen eta ezin hobeto defendatu zen.
Berdinketa bakarra egon zen partidaren hasieran (1-1) eta hortik aurrera Juanenea beti aurretik joan zen markagailuan: 6-7, 7-14, 8-18, 15-26 eta 21-30.
2-11ko partziala lortuta, markagailuan zuloa zabaldu zuen Juaneneak (8-18) eta bazirudien partidua erabakita zegoela baina Barrenetxeak ez zuen amore eman eta lau tantora gerturatzea lortu zuen (14-18). Juaneneak ordea zapaldu zuen azeragailua eta berriro ihes egin zuen 15-26.
Partida erabakita zegoen ordurako eta Barrenetxearen helburua ahalik eta tanteo onena lortzea bilakatu zen, ligaxkan punturen bat biltzen saiatzeko. Azkenean 21 tanto egin zituen, -1ekoa ekidin zuen, baina punturik gabe geratu da sailkapenean, Juaneneak lau dituen bitartean.
Larunbateko partidan Juaneneak 20 tantorekin bukatu zuen piloteoan, zazpi sakez, bi huts jokoan eta falta bat sakez. Zenbaki ikusgarriak inondik inora. Barrenetxeak ordea, 13 tanto egin zituen piloteoan, bost gehiago sakez, huts bat piloteoan eta bi falta sakez.
Hurrengo partida ostegunean jokatuko da Galarretako frontoian, Endika eta Urrizaren artean.
Finalerdietako ligaxkan, Juanenearekin batera, Endika, Urriza eta Barrenetxea arituko dira. Abuztuaren 22, 27, 29 eta irailaren 3, 5 eta 12an jokatuko dira fase honetako sei partiduak. Finalerako bidean aurreneko sailkatua zuzenean sartuko da eta irailaren 26an jokatuko du finala. Finalerdia, ligaxkako bigarren eta hirugarren sailkatuen artean irailaren 19an jokatuko da.
Abuztuak 22ko partiden emaitzak
- Mirubia-Arruarte 40 / Urrutia II.a-Aizpuru III.a 28
- Barrenetxea IV.a 21 / Juanenea 30
- Urriza-Labaka 37 / Ansa II.a-Zubiri 40
Hurrengo partidak, abuztuak 27an:
- Mirubia-Aizpuru III.a vs Etxarri-Larrañaga
- Urriza vs Endika
- Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a vs Ansa II.a-Zubiri
Buruz Buruko Txapelketa
Finalaurdenetako fasea, Juanenea, Ansa II.ak eta Goikoetxea V.ak jokatuko dute. Hiruen arteko ligaxka izango da eta abuztuaren 13an, ostegunean, hasiko da. Beste bi jardunaldiak abuztuaren 15ean eta 20an jokatuko dira. Puntuazio onena ateratzen duen erremontistak hurrengo fasera pasako da eta gainontzekoak kanporatuak izango dira.
Hurrengo fase hori finalaurretako fasea izango da eta lau pelotarik jokatuko dute: finalaurdenetako irabazleak, Endikak, Urrizak eta Barrenetxeak. Lehen postuan geratzen den pelotaria, zuzenean finala jokatzeko sailkatuko da. Bigarren eta hirugarren postuetan geratzen direnak, finalerdietarako sailkatuko dira, eta laugarren geratzen dena txapelketatik at geratuko da. Abuztuaren 22, 27, 29 eta irailaren 3, 5 eta 12an jokatuko dira fase honetako sei partiduak.
Finalerako bidean aurreneko sailkatua zuzenean sartuko da irailaren 26an jokatuko den finalean. Finalerdia, ligaxkako bigarren eta hirugarren sailkatuen artean irailaren 19an jokatuko da.
Partida guztiak osteguna eta larunbatean jokatuko dira eta puntuaketa ere azken urteetan bezala eramango da ligaxketan. Irabazleak lau puntu eskuratuko ditu, 27 eta 29 tanto bitartean geratzen denak bi puntu batuko ditu. 24-26 tanto artean puntu bakarra lortuko da, 17-23 puntu artean eginez gero ez da punturik batuko eta 17tik behera puntu bat kenduko da sailkapenean.
Astelehen honetan hasiko da Sagardoaren Txapelketa
Aurtengo edizioa berezia izango da kirola eta telebista uztartuko baitira, ETB1n astelehenero ERREMONTARI saioa izango delarik
Apirilaren 10ean hasiko da Emakumezkoen Larruzko Pilotako III. Bizkaia Paleta Txapelketa
Sei bikotek jokatuko dute txapelketa apirilaren 10ean, 17an eta 24an, eta apirilaren 30ean, finala jokatuko da
Ion Izagirrek irabazi du Itzuliko laugarren etapa
Azken esprintean, Pello Bilbaori gutxigatik nagusitu ondoren