MENDI LASTERKETAK
Jon Erguinek eta Maria Gomezek irabazi dute Igartzako Mendi Duatloia
Pasa den larunbatean hasiera eman zitzaion 2020ko Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituari, Beasainen jokatutako probarekin
Zirkuituaren lehenbiziko etapa Igantzin egitekoa zen aurreko larunbatean, irailak 5, baina koronabirusa dela eta, hitzordua bertan behera uztea erabaki zuten.
Hartara, 2020ko lehenengo proba Igartzan lehiatu da, Igarloi Elkarteak eta Beasaingo Udalak antolatutako duatloi hau neurri berezipean eta osasun protokoloa zorrotz mantenduz garatu delarik.
Bertan, Jon Erguin eta Maria Gomez izan dira lehenak helmugaratzen, eta bikoteei dagokionez, Mikel Zabalegik eta Asier Aseginolazak lortu dute garaipena.
Martxoaren erditik horrelako kirol proba herrikoirik antolatu ez den arren, covid-19aren aurkako neurri zorrotzak hartuz, lehiaketak antolatu daitezkeela erakutsi nahi izan dute antolatzaileek. Partaideei dagokienez, banakakoan 72 korrikalarik hartu dute parte eta horietatik 4 neskak izan dira. Errelebotan, berriz, 24 bikote atera dira.
Gizonezkoei dagokionez, Jon Erguin beasaindarrak irabazi du duatloia, bigarren postuan Josu Urrestarazu idiazabaldarra geratu da, eta hirugarrena Javier Perez izan da, podiuma osatuz. Helmugara heldu den lehenengo neska Maria Gomez elorriarra izan da, lasterketan 37. postuan geratu dena.
Binakako proban lehenak Mikel Zabalegi ordiziarra eta Asier Aseginolaza izan dira. Hauen atzetik heldu dira Jon Urteaga eta Aitor Perez, eta hirugarren postuan Ander Biguri eta Ivan Sanjuan geratu dira.
Zirkuitoa hiru zatitan banatu dute, 4,2 km korrika, 13,7 km bizikletaz eta 3 km korrika. Aurten lehen sektorea motzagoa izan da aurreko edizioekin alderatuta.
Aipatu bezala Covid-19ari aurre egiteko protokoloa oso zorrotza izan da, parte-hartzaileek lasterketa musukorik gabe egiteko aukera izan duten arren, alboan eraman beharra izan dute uneoro, galdu ezkero deskalifikatua izateko arriskua baitzegoen. Banaka irten direnak 5 pertsonako lerroetan kokatu dira dortsal zenbakiaren arabera lasterketa hasieran, pilaketak saihesteko asmoz. Horrez gain, ez dute proba amaierako festarik egin.
Igartzako Duatloia
Antolatzaileak: Igarloi Elkartea eta Beasaingo Udala
Data: Irailak 12, Larunbata
Irteera ordua: 16:00
Probaren ezaugarriak:
1. Sektorea: 4,23 km-ko mendi lasterketa
2. Sektorea: 13,72 km mendi bizikletaz
3. Sektorea: 2,93 km-ko mendi lasterketa
Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko hurrengo probak Urduñan (Araba) eta Arriaranen (Gipuzkoa) lehiatuko dira, irailaren 19 eta 26an, hurrenez hurren.
Behin iraila pasata, urrian beste bost hitzordu daude aurreikusita: Zegama-Aizkorrin hilaren 3an, Ibarran 10ean, Arespalditzan 17an, Amasan 24an eta Zeanurin 31n. Azaroan Adunan lehiatu beharreko probaren data ez dute jakitera eman, egutegia zabalik dagoelako eta beste probaren bat sartuko balitz data aldatu beharko litzatekeelako, zehaztuta baitago Adunakoa zirkuituko azken proba izango dela.
Lesakako II. Mendi Lasterketa irabazi du Hodei Lujanbiok
Emakumeen artean Maite Karrika donostiarra nagusitu zen eta Gazte Trailen Mattin Lekuona lesakarra eta Ainhoa Etxegarai beratarra
Altitoy mendi eskiko lasterketa astebukaeran
Euskal Selekzioa talde bezala bertaratuko ez den arren, selekzioko kide batzuk bertan izango dira
Larra-Belaguako Snowrunning proba larunbatean izango da
Elur gainean jokatuko den 11 kilometroko lasterketa hau 2020ko mendi lasterketen Rankingaren bigarrena izango da