HERRI KIROLAK/HARRIA

Jokin Eizmendik irabazi du Harri Handien Gipuzkoako Txapelketa

by | 2021/11/21

Argazkiak: egursport.com

Larunbat honetan, azaroak 20, Harri Handien Gipuzkoako Txapelketa lehiatu da Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan, arratsaldeko 18:00etan hasita

 

Bertan harri-jasotzaile hauek parte hartu dute: Aimar Irigoien errezildarra, Jon Unanue ‘Goenatxo III.a’ azkoitiarra, Jokin Eizmendi zarauztarra, Aimar Galarraga oriotarra eta Iñigo Eizagirre ‘Eiza’ (Zarautz).

Egin beharreko lanak, ondorengo harri haundiekin aritzea, bakoitzarekin bi minutuko txanda eginda: 200/175 kiloko laukizuzena, 200/175 kiloko zilindroa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola. 200 kiloko laukizuzena aukeratuz gero, zilindroa 175 kilokoa izan behar zuen eta bestela alderantziz.

Azkenean Jokin Eizmendik jantzi du txapela, nagusitasun haundia erakutsita. Iñigo Eizagirre izan da bigarren, Jon Unanue hirugarren eta Aimar Galarraga laugarren.

Aimar Irigoien azaltzekoa zen txapelketara, baina belaun bat ez zuen guztiz ondo, eta ez parte hartzea erabaki du. Horrek faborito nagusi Eizmendi bihurtzen zuen, eta honek ez zuen hutsik egin, harri bakoitzarekin erakutsi zuelarik bere nagusitasuna. Azkenean Eizmendik 5.725 kilo jaso zituen, aurkariei alde haundia aterata. Lehia estua izan zen bigarren posturako, eta kubikoan eta bolan egindako lanarengatik azkenean Eizagirrek eskuratu zuen. Bolarekin egindako saioan egon zen gakoa, 11.ena altxatu eta Unanueri pasa egin ziolako. Eizagirrek 4.225 kilo jaso zituen eta Unanuek berriz 4.150 kilo. Galarraga ez zen fin aritu kubikoarekin, baliogabeko bi altxaldi egin zituelako, eta azkenean 3.725 kilo jaso zituen guztira.

Harrijasotzearen hurrengo hitzordu garrantzitsua, abenduaren 18an izango da, orduan jokatuko baita Harri Handien Euskal Herriko Txapelketa, Asteasun, non hiru minutuko saioak egingo diren harri bakoitzarekin.

Sokatira jardunaldia Berriozarren

Sokatira jardunaldia Berriozarren

560 kilotan gizonezkoak neurtu ziren egun bakarrera eta 500 kilotan emakumezkoek txapelketako azken jardunaldia izan zuten