HERRI KIROLAK/HARRIA
Jokin Eizmendik irabazi du Gorostidi Harriaren txapelketa
Pasa den igandean, Adunako Udalak eta zenbait eragilek antolatuta, Gorostidi Harriaren XIV. Txapelketa jokatu zen herriko frontoian, 18:00etan hasita.
Puntako zortzi harri-jasotzaile aritu ziren txapelaren bila: Aimar Irigoien, Jokin Eizmendi, Jon Unanue Goenatxo III.a, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Mikel Lopetegi Urra, Sergio Mielgo, Iñigo Izagirre eta Pablo Azpiazu.
Egin beharreko lanak, bost harri ezberdin altxatzea: 150 kiloko kubikoa, 160 kiloko zilindro zaharra, 155 kiloko errektangular zaharra, 100 kiloko bola (kolarik gabe) eta 139 kiloko harri baldarra. Bi aldiz jaso behar zuten harri bakoitza eta behin harri bat ukituz gero, hori bi aldiz jaso arte ezin zuten beste harri bat jaso.
Hamar jasoaldi azkarren egiten zituenak eramango zuen txapela, eta halaxe lortu zuen Jokin Eizmendik jasoaldi guztiak minutu bat eta 40 segundoko denboran burututa. Orain arte, Adunako proban jaun eta jabe izan den Irigoien izan zuen atzetik. Honek, ordea, baliogabeko altxaldi baten ondorioz, hamaika segundo beranduago bukatu zuen.
Hirugarren postuan sailkatu zen Urra, bi minutu eta hiru segundoko denborarekin. Laugarren, berriz, Paulo Azpiazu, hiru minutu eta hamar sengundoko denborarekin. Jon Unanuek eskuratu zuen bosgarren postua, lau minutu eta segundo bateko denborarekin, eta seigarren geratu zen Iruretagoiena, sei minutu eta bost segundoko denbora eginda.
Gorostidi Harria Txapelketaren barruan erronka bereziak izaten dira urtero; aurten, bi izan dira. Batetik, 185 kiloko zilindro zaharra esku bakarrarekin jasotzea, eta bestetik, 208 kiloko zilindro zaharra bi eskuekin jasotzea, azken hau jasotzea ere lortu zuelarik Eizmendik.
SAILKAPENA
- Jokin Eizmendi 1:40
2. Aimar Irigoien 1:51
3. Mikel Lopetegi 2:03
4. Paulo Azpiazu 3:10
5. Jon Unanue 4:01
6. Sergio Mielgo 5:22
7. Hodei Iruretagoiena 6:051
Alaitz Imaz eta Julen Gabirondo garaile bakarkako Sega Ligan
Almitzak antolatzen duen Euskal Herriko XII. Bakarkako Sega Ligako hirugarren eta azken saioa Etxalekun lehiatu zen
Julen Alberdi Txikia IV.a eta Jesus Mari Mujika txapeldun
Aiako probalekuan jokatutako Gipuzkoako Binakako Aizkora Txapelketan nagusituta
600 kiloetako txapela irabazi du Gaztedi A taldeak
Hiru jardunaldien ostean, Gaztedi Ak 20,5 puntu lortu ditu, Goiherrik 18,5 eta Gaztedi Bk 15