SURFA
Janire Gonzalez Etxabarri, Europako txapeldun junior mailan
Basque Team Fundazioak eta Euskal Herriko Surf Federazioak abian jarritako bikaintasun proiektuko surflaria den Janire Gonzalez Etxabarrik garaipen haundia lortu zuen Portugalen jokatutako Junior Pro Espinho txapelketan, eta World Surf Leagueko junior mailako (21 urte bitartekoa) Europako koroa preziatua erdietsi du horrela.
15 urte baino ez dituen Janirek Praia da Baian jokatu den txapelketan lortu du garaipena, metro bat eta metro t´erdi bitarteko olatuak surfeatuz, segurtasun eta erraztasun izugarria erakutsita. Zumaiako surflaria bikain aritu zen lehiaketa guztian, puntuaziorik altuena lortu zuen txanda bakoitzean, eta txanda bakoitzeko onena izan zen ere.
Lehenengoan, Nerea Donaire, Alicia Takashi eta Lilou Maury gainditu zituen, final-laurdenetan ordea, Lucia Machado, Bahia Frediani eta Hina-Maria Conradi azpiratu zituen eta finalerdietan, berriz, Machado, Donaire eta Sarah Leiceaga baino hobea izan zen.
Azkenik, lauko final handian, Lucia Machado, Ainhoa Leiceaga Urruñako surflaria eta Rachel alemaniarra garaitu zituen. Espinhoko eskuin olatuetan bizkarka egin zuen surfean Gonzalez de Txabarrik, eta hain zuzen ere, “backside” zoragarriari esker lortu zuen garaipena.
«Inoiz ez naiz hain olatu onekin lehiatu, eta oso dibertigarria izan da», adierazi zuen Janire Gonzalezek uretatik irtetean. «Europako txapeldun titulua irabaztea beti izan da helburua, baina ez nuen uste hain azkar iritsiko nintzenik, Junior mailan urte batzuk geratzen zaizkit eta beste askotan irabazten saiatuko naiz», gaineratu du. «Nadia Erostarberekin (2018ko txapelduna eta Basque Team-eko bekaduna) entrenatzen dut sarritan, eta inspirazioa da niretzat, beraz, pozik nago pixka bat kopiatu ahal izan diodalako», azaldu zuen surflari gazteak garaipena erdietsi eta gero.
SURFA
Gadis Pro Junior txapelketa irabazi dute Janire Gonzalez eta Adur Amatriainek
18 urtez azpiko Europako Junior Txapelketako bigarren lehiaketan nagusitu ziren euskal surflariak
Leticia Canales, Europako txapeldun
Pauline Ado Angeluko surflariarekin jokoan zuen Europa WSL Qualifying Serieseko titulua eskuratu zuen sopeloztarrak
Europako Junior Zirkuituko lehen txapelketa irabazi du Adur Amatriainek
Bigarren Kai Odriozola sailkatu zen eta nesken mailan Janire Gonzalez finalerdietara ailegatu zen