EUSKAL PILOTA
Jai Alai World Tourreko egutegia aurkeztu dute
Egun hauetan hasi (uztailaren 10ean, Markina-Xemeinen) eta abendura arte luzatuko du bere aurtengo egutegia Jai Alai World Tour zesta punta zirkuituak
Munduko Pilota Batzarrak antolatzen du Jai Alai World Tour zirkuitua eta asteaken honetan aurkeztu dute aurtengo edizioa, Bilboko Ola Martin Berasategui jatetxean. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Fernando Azkarate Munduko Pilota Batzarreko presidenteak eta Mikel Egiguren Jai Alive enpresako arduradunak hartu dute parte, besteak beste, zenbait puntista ere bertan zeudela.
Jai Alai World Tour zirkuitua duela sei urte sortu zen eta harrera oso ona izan du hasieratik, horregatik, garrantzitsua zen aurten ere egin ahal izatea, goranzko joera hori bere horretan mantentzeko.
Antolakuntzatik nabarmendu denez, une honetan, kirolaren eta pilotaren alde har daitekeen neurririk onena da normaltasuna pixkanaka berreskuratzea, betiere segurtasun neurriekin zorrotz jokatuz.
Era berean, Munduko Pilota Batzarreko presidenteak Kepa Arroitajauregi zenak egindako ekarpena oroitu eta eskertu nahi izan du bere agerraldian. Arroitajauregi Munduko Pilota Batzarreko zuzendari teknikoa zen, eta maiatzaren 21ean hil zen, 48 urte zituela.
Aurkezpenean azaldutakoaren arabera, oraingoz, zazpi dira ziur jokatuko diren txapelketak: Markina-Xemeingo Mastersa, Lekeitiokoa, Hondarribikoa, Gernikakoa, Donostiakoa, Bartzelonakoa eta Berriatukoa, baina antolatzaileak lanean ari dira Mutriku eta Zumaia ere zerrendara gehitu daitezen.
Txapelketetan egungo puntistarik onenak arituko dira nor baino nor gehiago. Besteak beste, Imanol Lopez, Iñaki Osa Goikoetxea, Diego Beaskoetxea, Aritz Erkiaga, Xabier Barandika, Unai Lekerika, Ibon Aldazabal, Aimar Aldazabal, Hormaetxea, Olha, Olharan, Etcheto, Zulaika, Minvielle, Arbe, Basque, Salegi, Laduche e.a.
Momentuz, pilotalekuen %60ko edukierarekin jokatuko dira neurketak, eta ikusleek maskara eraman beharko dute derrigorrez.
JAI ALAI WORLD TOURRAREN EGUTEGIA
Momentuz baieztatuta daudenak: Markinako Masters Series Torneoa (uztailak 10, 16 eta 19), Lekeitioko Masters Torneoa (irailak 4 eta 6), Hondarribiko Gran Slam txapelketa (irailaren 18tik urriaren 16ra), Gernikako Gran Slam txapelketa (urriaren 10tik 31ra), Donostiako Masters Txapelketa (azaroan), Bartzelonako Open Torneoa (azaroan) eta Banakakoa Berriatuan (abenduan).
Ehun urteren bueltan xareari gorazarre egingo diote Iruran
Hainbat ekitaldi antolatu dituzte Irura eta xarearen arteko loturak ehun urte bete dituenean
Berriatuan jokatuko da 2019ko Banakako Zesta-Punta txapelketa
Abenduaren 13an hasi eta finala 27an jokatuko da Munduko Pilota Batzarrak antolatutako txapelketan
Ireki da Ezker Paretako Euskal Herriko kluben arteko txapelketako epea
Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Iparralde eta Nafarroa Garaiko federazioetako klubak arituko dira