EUSKAL PILOTA
Jai Alai Winter Series zesta-punta lehiaketa aurkeztu dute
Zesta-puntak Euskal Herrian hasiko duen ziklo berriaren aliatu eta sustatzaile izango da EITB komunikazio taldea. Jai Alai Winter Series txapelketa emango du, eta, aurretik ‘Jai Alai: Azken hegaldia’ dokumentalaren bi atal.
EITBk ETB1eko astelehen gauak zesta-puntari eskainiko dizkio negu honetan. Eliteko zesta-puntaren erakusleihoa izango da komunikazio taldea, Jai Alai Winter Series txapelketa handia zuzenean astelehenero eskainita. Aurretik, halaber, behin betiko itxi den Miamiko Dania frontoian lehiatzen ziren pilotariei buruzko Jai Alai: Azken hegaldia dokumentalaren bi atal izango dira ikusgai, urtarrilaren 17an eta 24an.
Daniako frontoiaren itxiera AEBetan inflexio puntua izan da euskal pilotaren historian, eta 120 urtez munduan barrena bidaiatzen ibili ostean, zesta-punta sorterrira dator azkenik. Honen karira, ostiral honetan, EITBko Kiroletako lantaldeak, Joseba Urkiola EITB Mediako Kirol zuzendaria buru zela, Miamin aritu diren pilotariak hartu zituen Bilboko egoitzan, EITBren zesta-punta proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkielarik Joseba Urkiolak pilotariei.
Jai Alai Winter Series txapelketa Gernikako Jai Alai frontoian jokatuko da eta EITBrako Xabier Euzkitzek gidatuko du, Olatz Foruriaren laguntzarekin. Antxon eta Rikardo Alberdi pilotari eta zesta adituek ere kontakizunean hartuko dute parte. Bederatzi jardunaldikoa izango da lehiaketa, hasierakoa (urtarrilak 29, 22:00etan, zuzenean) eta finala (martxoak 20, 12:00etan, zuzenean) izan ezik, astelehen gauez jokatuko da. ETB1en, eitb.eus-en eta ETB Basque kanalean izango da ikusgai. AEBetan zestak duen sonari erantzunez, EITBk leiho bat zabalduko du partida hauek euskal diasporak eta, oro har, Euskal Herritik kanpo diren zaleek, ikus ditzaten.
Gernikako Jai Alai frontoian ikusiko ditugu negu honetan egungo puntistarik onenak beraz. AEBetako zesta-puntaren azken gotorlekua izan den Miamiko Daniako frontoia ixteak euskal puntisten ametsak apurtu ditu. Ziklo bat atzean utzi eta bere bidea AEBn egin duten kirolariei Joseba Urkiolak adierazi zien, EITBk Euskal Herrian sortzen diren aukeren bultzatzaile eta aliatu izan nahi duela. Miamin apurtutako ametsa eta utzitako arrasto garrantzitsua, denon artean Euskal Herian berreskuratzen saiatuko direla esanez amaitu zuen EITB Mediako Kiroletako zuzendariak pilotariekin eta zestaren inguruan murgilduta dabiltzan hainbat lagunekin egin zen topaketa.
Jokoan da Binakako Emakume Laboral Kutxa Txapelketa
Lau partida jokatu ziren larunbatean Ataunen, bi pilota goxuakin, bakarra mistoa erabilta eta laugarren bat 16 urte azpiko kategorian
Hastear da Binakako Emakume Master Cup txapelketa
Ataungo Auzoeta pilotalekuan hasiko da larunbat honetan Binakako txapelketa. Pilota goxuan 35 bikote eta mistoan 12 arituko dira nor baino nor.
Matxalen Mendizabal eta Maider Isasa nesken xarearen historian sartu dira
Matxalen Mendizabal –Maider Isasa eta Nora Galartza eta Irati Fernandez osatutako bikoek historian lehen aldiz, xareko nesken arteko infantil mailako partida ofizial bat jokatu dute