ELKARRIZKETAK/KIROL EGOKITUA
Jabi Conde: «Euskal Selekzioaren gaiari heldu beharko diogu kirol egokituan ere»
Argazkiak: Kirol Egokituaren Euskal federazioa
Elkarrizketa Kirol Egokituaren Euskal Federazioaren presidente hautatu berriarekin
.
Jabi Conde (Basauri, 1964) Paralinpiar Jokoetan urrezko zazpi domina eta zilarrezko bi dituen atleta desgaitua da. 20 urtetik gora daramatza atletismo entrenatzaile lanetan eta azken urteetan batez ere desgaituak entrenatzen. Presidente hautatu dute aurten Euskadiko federazioko hauteskundeetan. Ourensen, gurasoen jaioterrian egun batzuk pasatzen ari dela hitz egin dugu berarekin.
Nola otu zitzaizun hauteskundeetara aurkeztea?
Aspaldi komentatu zidaten aurkezteko. Hasieran ez nuen ikusten, baina pixkanaka animatzen joan nintzen, eta izango nuen taldearen laguntza ikusita, azkenean urratsa ematea erabaki nuen. Izan ere, nire asmoa kluben eta kirolariengandik hurbil egotea izan da betidanik.
Nola joan dira hauteskundeak?
Bi hautagaitza egon dira. Gurea, nolabait esateko, aurreko juntaren jarraitzailea zen, eta garaile atera da.
Ez da oso prozesu atsegina izan. Ni behintzat ez nago ohituta horrelako lehiaketetan, eta batez ere azken astean gustatu ez zitzaizkidan kontu batzuk egon ziren, Porfidio Hernando aurreko presidentearen aurkakoak. Baina, tira; ohikoak bide dira hauteskunde lehiaketetan.
Zeintzuk dira Kirol Egokituaren Euskal Federazioaren egitekoak?
Guretzako oso garrantzitsua da eginkizunak ez bikoiztea. Badaude lurraldetako federazioak Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, eta euren eginkizunak dituzte. Gu batez ere goi-mailako kirolaz arduratzen gara, kirolariei goi mailako prestaketa ematen, tresna egokienak eskuratzen… Aste honetan bertan, hain zuzen, albiste on bat izan dugu: Bilboko Mikel Garciak down sindromeak Europako errekorrak hautsi ditu 800 m-tan eta 1500 m-tan.
Ze disziplina barnebiltzen dituzue?
Orain denak ezingo nizkizuke buruz esan. Batzuk arloko federaziotara transferituta daude, hala txirrindularitza, piraguismoa, mahaiko tenisa eta abar. Hori da joera nagusia. Bakoitza arloko federazioan aritzea, baina ez dakit oso bide egokia den, sarritan ez baitute izaten desgaitasunari aurre egiteko bitarteko eta informazio nahikorik.
Nola neurtzen da desgaitasuna?
Nazioartean sailkapen batzuk daude, eta gero eta zorrotzago begiratzen zaio horri. Segun eta ze desgaitasun duzun modu batean ala bestean sailkatuko zaituzte eta ondorioz hor bakarrik lehiatu ahal izango duzu.
Nondik eskuratzen dituzue bitartekoak?
Laguntza gehiena Eusko Jaurlaritzak eta Basque Team-ek ematen digute. Oso pozik gaude eurekin; sintonia onean ari gara azken denboraldian. Hala ere, baditugu beste laguntza batzuk: entitate pribatuak, fundazioak…
Ze harreman duzue, Nafarroako federazioarekin?
Gauzak egiten ditugu elkarrekin, harreman ona dugu. Guk gure lehiaketetara gonbidatzen ditugu, eta eurak ere gonbidatzen gaituzte. Hala ere, ildo hau sakondu egin behar dela uste dut, konbenioak egin beharko genituzke, gauza idatziak…
Nork ordezkatzen ditu Espainiako federazioan kirolari desgaituak, Euskadiko federazioak ala lurraldetakoak?
Gehienbat Euskadikoak.
Ze erronka ditu epe motz eta ertainean Euskadiko federazioak?
Oso inportantea deritzot 2024an Parisen jokatuko diren Paralinpiar Jokoetarako ondo prestatu eta Euskadiko kirolarien kopurua handitzeari.
Barne funtzionamenduari dagokionez, lizentzia kopurua handitu behar dugu. Pandemiarekin kirolariek ezin zituzten instalazioak erabili eta behera egin du, baina azken hiru hilabeteotan buelta ematen hasiak gara, eta oraindik lizentzia kopurua gehiago handitu behar dugu.
Bitarteko gehiago ere eskuratu behar ditugu. Nahiz eta oraintxe bertan ditugun langileak eredugarriak diren, administratzaile bat gehiago behar dugu, beste zereginak ere egiteko gai izango dena.
Nola dago Euskal Selekzio gisa aritzeko aukera?
Egia esan lekuz kanpo harrapatzen nauzu kontu honetan. Baina heldu beharko diogu, egongo gara Eusko Jaurlaritzakoekin eta David Salinas-Armendariz abokatuarekin. Nazioarteko federazioak oso itxiak dira, eta zaila da eurekin harremanak egitea.
ELKARRIZKETAK/KIROL EGOKITUA/EUSKAL SELEKZIOA
Munduko Mendi Lasterketen Kopa amaitu da, Euskal Selekzioaren partehartzearekin
Sailkapen nagusian, Ander Iñarrak laugarren postua eskuratu du eta Mayi Mugikak bosgarrena
Ingalaterrak Euskal Selekzioa gainditu du Walking Footballean
50 eta 60 urte bitarteko mailetan aritu dira elkarren aurka eta bietan galdu egin du euskal taldeak
Emakumezkoen eskubaloi Basque Country Nazioarteko Txapelketa, azaroan
Euskal selekzioa, Brasil, Argentina, Finlandia, Luxenburgo eta Kongoko taldeen aurka neurtuko da 25etik 27ra