HERRI KIROLAK
Izetatarrek eta Arruti-Orbek irabazi dute euskal pentatloia
Argazkiak: Egursport
Emakumezkoen Laboral Kutxa Saria eta II. Mahala Binakako Euskal Pentatloiko finala jokatu ziren pasa den larunbatean, Tolosako zezen plazan, 17:00etan hasita.
Lehen aldiz jokatzen zen emakumezkoen pentatloia eta printzipioz hiru bikote ziren lehiatzekoak Pentatloiko Laboral Kutxa Sarian, baina Claudia Muñoz lesionatu zen eta ondorioz Julia Martinezekin osatzen zuen bikotea ez zen lehian aritu. Beraz, bi bikoteeen artean jokatu zen finala: batetik, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Uxue Ansorregi, eta bestetik, Lucia Orbe eta Garazi Arruti.
Parte-hartzaileak:
-Karmele Gisasola Zenikazelaia ‘Zelaia III.a’. Mallabia (Bizkaia). 27 urte. 1,70 metro eta 73 kilo.
-Uxue Ansorregi Aranberri. Mendaro (Gipuzkoa). 25 urte. 1,65 metro eta 65 kilo.
-Lucia Orbe Guisarro. Getxo (Bizkaia). 32 urte. 1,67 metro eta 85 kilo.
-Garazi Arruti Garaizar. Bilbo (Bizkaia). 35 urte. 1,58 metro eta 51 kilo.
Bikote bakoitzak harriari hogei jasoaldi eman behar zizkion, eta gutxienez batek zortzi jasoaldi egin behar zizkion harri biribilari. Harri-jasotzeko lanetik giza probara pasatu ziren jarraian, bi plaza egin behar zituztelarik, bakoitzak bana. Gero, aizkorak hartu zituzten bi enbor 45 ontzako ebakitzeko. Amaitzeko txingak hartuta sei plaza egin behar zituzten eta azkenik korrika bi kilometro osatu behar zituzten, gutxienez bikoteko kide batek zortzi itzuli eman behar zizkiolarik zezen plazari.
Azkenean, Orbe eta Arruti nagusitu ziren 29.45eko marka eginda zuten, Gisasola eta Ansorregi (31.26) baino 1.41 gutxiago.
Gizonezkoen kasuan sei bikote aritu ziren II. Mahala Binakako Euskal Pentatloiaren finalean: Ioritz Gisasola Zelai IV.a-Jon Gisasola Zelai V.a, Jexux Mari Iruretagoiena Izeta III.a-Andoni Iruretagoiena Izeta IV.a, Iñaki Errazkin-Aratz Mugertza, Kepa Peñagarikano-Gorka Etxeberria, Mikel Larrañaga-Jon Unanue Goenatxo III.a eta Beñat Amade-Aritz Irazabal (Jagoba Otaegi-Luis Txapartegiren lekua hartuta, azken hau lesionatuta baitago).
Egin beharreko lanak honakoak: harri-jasotzen 40 jasoaldi, gutxien jasotzen zuenak 16 jasoaldi behintzat eman behar zizkiolarik harri biribilari. Giza proban lau plaza, hau da, bina plaza. Aizkoran lau kana-erdiko ebaki eta jarraian txingekin zortzi plaza egin behar zituzten, launa plazatan banatuta. Bukatzeko, lau kilometro korrika aritu behar ziren, gutxienez plazari 16 itzuli eman behar zizkiotelarik.
Izeta osaba-ilobek jantzi zuten txapela, 40.24ko denbora eginda, bigarren izandako Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Ion Gisasola Zelai V.a-ri (43.05) 2.41 atera zietelarik. Mikel Larrañaga-Jon Unanue Goenatxo III.a sailkatu ziren hirugarren (44.04), Iñaki Errazkin-Aratz Mugertza laugarren (44.56), Beñat Amade-Aritz Irazabal bosgarren (45.31), eta Kepa Peñagarikano-Gorka Etxeberria seigarren (49.32).
600 kiloetako txapela irabazi du Gaztedi A taldeak
Hiru jardunaldien ostean, Gaztedi Ak 20,5 puntu lortu ditu, Goiherrik 18,5 eta Gaztedi Bk 15
Sega Ligako lehen bi jardunaldiak jokatu dira
Ligako hirugarren eta azken saioa Etxalekun jokatuko da uztailaren 3an, bertan erabakiko direlarik txapelak
Herri Kirol Txapelketen finalak jokatu ziren igandean Lekunberrin
Aizkoran Hodei Ezpeleta nagusitu zen eta harri-jasotzen Urdax Magunazelaia eta Karmele Gisasola